Mundua -
Egipto
Tahrir plazan bortxatu egin zutela salatu du kazetari batek
Natasha Smithek bere blogean jakinarazi duenez, "ehunka" gizonezkok bortxatu zuten hauteskundeetako emaitzak ezagutu eta gero.
Erredakzioa
Natasha Smith kazetari freelance-ak Kairoko Tahrir plazan sexu-erasoa sufritu zuela salatu du. Antza, "ehunka" gizonezkok inguratu egin zuten eta sexu-gehiegikeriak egin zizkioten, aurreko egunetan Egipton izandako hauteskundeak ospatzeko mobilizazio batean.
Bere blogean xehetasun handiz kontatu duenez, bertara hurbildu ahala, gizon talde batek inguratu egin zuen eta arropa bortizki eranzten hasi zitzaion.
"Jantziak kentzen hasi zitzaizkidan. Biluzik utzi ninduten. Niri min egiteko haien gose aseezina handitzen joan zen. Gizon horiek, ehunka, gizaki izatetik piztia izatera pasatu ziren", idatzi du bertan.
Gizonezkoek gorputz guztia bortizki ukitu omen zioten, baita bestelako sexu-erasoak egin ere, euren artean bultzatuta eta "lehoi gosetien artean haragi freskoa bezala" sentiarazita.
Azkenik, plazan bertan zeuden beste pertsona batzuek erasotzaileen eskuetatik ihes egiten lagundu zioten eta babesera jartzea lortu zuten, Smithen kontakizunaren arabera. Handik gutxira, Tahriretik alde egitea lortu zuen.
Aurretik ere izan dira antzeko erasoak. Beste kazetari estatubatuar batek ere salatu zuen Tahrir plazan bortxatu egin zutela "Arabiar Udaberria" izenaz ezagutzen den mugimenduko protesta batean.