Mundua -
Krisia Paraguain
Mercosurrek Paraguai kendu eta Venezuela sartu du 'indartzeko' asmoz
Mundu mailako krisiaren aurrean indartzeko asmoz, Venezuela sartu dute elkartean. Bestalde, Unasurrek ere behin-behinekoz Paraguai kentzea erabaki du.
Erredakzioa
Mercosur Hego Amerikako merkataritza elkarteak inoiz ikusi gabeko erabakia hartu du eta 2013rako aurreikusita dauden hauteskundeak bitartean, Paraguairekin ez kontatzea erabaki du. Horren ordez, Venezuela sartu da.
Cristina Fernandez Argentinako presidenteak, Dilma Rousseff Brasilekoak eta Jose Mujica Uruguaiko presidenteak Venezuela sartzea erabaki dute, Paraguairen abalik gabe. Izan ere, joan den ostiralean Fernando Lugo kargutik kendu zutela eta, 2013rako aurreikusita dauden hauteskundeak arte Paraguairekin ez kontatzea erabaki dute.
Venezuelaren bat egitea uztailaren 31n Rio de Janeiron egingo duten bilera berezian zehaztuko dute.
Cristina Fernandezen iritziz, Venezuelaren bat egitearekin, mundu mailako krisi ekonomikoari aurre egitea dute helburu, hain justu, Hego Amerikako ekonomiek aurreko urteetan baino hazkunde txikiagoa iragarri duten unean.
Parguaiko krisia izan da hizpide batik bat goi-bileran eta taldeko organoetatik eta erabakietatik at utzi dute Paraguai.
Hortaz gain, behin-behineko presidentetza Brasili pasatu dio Argentinak, eta azkenik, Txinarekin merkataritza akordioak suspertzea erabaki dute.
Unasurrek ere Paraguai kanporatu du
Fernando Lugoren kargugabetzearen aurkako presioa areagotu du Hego Amerikak, izan ere, Unasurrek ere, Mercasurrek bezala, herrialdea at uztea erabaki du, "ordena demokratikoa berrezarri arte".
Ez ohiko goi-bilera Argentinan egin dute, eta behin-behinekoz Paraguai kanpo uztea akordatu dute.