Mundua -
Hauteskundeak Mexikon
Felipe Calderonek 'askatasunez bozkatzera' animatu ditu mexikarrak
Kargua utziko duen presidenteak hauteskundeetan boza emateko deia egin du. 80 milioi mexikarrek eman dezakete boza presidente berria, Parlamentua eta estatuetako eta udaletako agintariak hautatzeko.
Erredakzioa
Mexikon, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala agintaritzara buelta daiteke gaur egingo diren hauteskundeetan, 12 urtez boteretik at egon ostean. Azken urteetako indarkeria bolada gogorrena bizitzen ari dira Mexikon, eta horregatik, segurtasun neurri handi artean bozkatu beharko dute mexikarrek.
Hauteskundeetan datozen sei urteetarako presidentea hautatuko dute, baita Parlamentu berria eta estatuetako eta udaletako agintariak ere; denera, 2.127 kargu publiko. Hauteskunde ezberdin hauek egun berean egingo direnez, herrialdeko historiako hauteskunde handienak izango dira.
Denera 141.153 hautesleku daude boza eman dezaketen 79,5 milioi lagunentzat. Iritzi inkesten arabera, herritarren % 60k bozkatuko omen dute.
Inkestek gainera, Enrique Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiari ematen diote garaipena, bigarren hautagaiarekiko % 10eko ezberdintasunarekin.
Peña Nietok 45 urte ditu eta Mexiko estatuko gobernadore ohia da. Perfil mediatiko handiko gizona da 1929tik 2000.urtera boterean egon zen PRI alderdiak boterea berreskuratzeko hautatu duen hautagaia.
Bigarren Lopez Obrador izango omen da. 2006ko hauteskundeetan ere hautagaia izan zen eta % 0,56 puntugatik galdu zuen Felipe Calderonen aurka. Ezkerreko buruzagiak hala ere ez du emaitza inoiz onartu, eta egun, oraindik, hauteskundeak irabazi zituela esaten du.
Azkenik, Calderonen alderdi kontserbadoreko hautagaia Josefina Vazquez Mota ministro ohia da, eta inkesten arabera, hirugarren geldituko litzateke, Lopez Obradorretik gertu.
Bozkatzeko deia
Kargua utziko duen Felipe Calderon Mexikoko presidenteak hauteskundeetan boza emateko deia egin du. Calderonek azpimarratu duenez, hauteskunde egunean, momentuz, normaltasuna da nagusi. Halaber, mexikarrek "askatasunez bozkatzen" jarraitzeko desioa adierazi du presidenteak.
PRD alderdiko hautagai bat hil dute
Ezkerreko PRD Iraultza Demokratikorako Alderdiko hautagai bat hil dute hauteskundeak hasi baino ordu batzuk lehenago.
Luis Antonio Contreras Garcia alderdiko ordezkaria da Guajanato estatuan. Valle de Santiago herrian hil dute kalean zegoela, ibilgailu batetik tiro egin ostean.