Mundua -

ARGENTINA

Alberto Fernandezek iragarri du ez duela hautagaitzarik aurkeztuko Argentinako presidente kargura

"Nire erabakia" goiburupean, zazpi minutuko bideoa kaleratu du Twitter sare-sozialean eta bertan azaldu ditu berriro ez aurkezteko arrazoiak. 2019ko abenduan hartu zuen Argentinako presidente kargua.

Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez, 2019an, presidente eta presidentorde karguak hartu ostean
Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez, 2019an, presidente eta presidentorde karguak hartu ostean
Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez, 2019an, presidente eta presidentorde karguak hartu ostean

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Fernandez Argentinako presidenteak iragarri du ez duela hautagaitzarik aurkeztuko karguan jarraitzeko urrian egingo diren hauteskunde orokorretan.

Twitterreko bere kontuan argitaratu duen bideo baten bidez jakinarazi du Fernandezek bere erabakia eta bertan azaldu ditu arrazoiak. Besteak beste, "eraberritze demokratikoa" aipatu du ez aurkezteko arrazoi gisa. "Garai hauetan, beste batzuetan baino gehiago, eraberritze politikoa beharrezkoa da", esan du.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteordearekin dituen ika-mikak agerikoak dira eta Frente de Todos alderdian dagoen barne-zatiketa aspalditik da publikoa. Halere, taldean ez duela "aurkari bakar bat ere" gehitu du bere mezuan presidenteak. "Ez daukat etsairik", zehaztu du.

Halaber, datozen hilabeteotan abiatuko den hauteskunde-prozesuan parte hartuko duten alderdikideei babesa adierazi die.

2019ko abenduaren 23an hartu zuen Argentinako presidente kargua Fernandezek, eta 2023ko egun berean utziko du presidente-banda hurrengo hautatuaren esku.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina