Mundua -

Afrika

Egoera "larria" da Sudanen, "lege gabeko" herrialdea da ia eta "osasun kolapsoan" dago, MGMren arabera

Atzerriko herritarren ebakuazioa hasi da, Aid al Fitr ospakizunaren harira adostutako su-etena behin eta berriz urratu duten arren.

Sudan. Argazkia: Efe
Sudan. Argazkia: Efe
Sudan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik Gabeko Medikuek (MGM) ohartarazi dute Sudango egoera "oso larria" dela Armadaren eta RSF talde paramilitarraren arteko borroken ondorioz, eta "osasun kolapsoa"ren atarian dagoela.

"Sudanen egoera oso larria da. Ikaragarria da. Tiroketak eta bonbardaketak izaten ari dira herritar askoko eremuetan, zibil asko dauden lekuetan", adierazi du Jairo Gonzalez MGMren Afrika ekialdeko arduradunak.

MGMren eledunak adierazi du "herrialdeko eremu asko legerik gabe" daudela, "milaka eta milioika zibil etxetik atera ezinda", eta ospitaleetara ezin iritsita.

MGMk jakinarazi du milaka direla zaurituak, eta zaurituak artatu ahal izateko astebetean indarrean jarritako hiru su-etenak ez direla errespetatu.

Sudango Armadaren eta paramilitarren arteko gatazkari buruzko gakoak

Gonzalezek esna du Nyalan duten osasun zentroetako bati eraso egin diotela talde armatuek. "Nyalan MGMk duen egoitzan sartu ziren eta guztia eraman zuten", salatu du.

Ebakuazioak hasi dira

Kaosaren erdian, apirilaren 15ean gatazka sortu zenetik harrapatuta dauden atzerritarrak ebakuatzen hasi dira jada, tartean Saudi Arabia, itsasontziz herritarrak bertatik ateratzen hasi dena, nahiz eta ramadana amaitzeko egiten den Aid al Fitr hiru eguneko ospakizunaren harira su-etena ez den errespetatu.

Abdelfatah al Burhan Sudango Armadako buruzagiak iragarri du "datozen orduetan" hasiko dela aire bidezko ebakuazioa AEBko, Britainia Handiko, Frantziako eta Txinako herritarrentzat, baina era berean, jakinarazi dute aireko espazioa itxita egongo dela hilaren 30era arte.

Gutxienez 413 pertsona hil eta 3.551 zauritu dira Sudanen gerra hasi zenetik, Munduko Osasun Erakundearen azken datuen arabera.

Armadaren eta RSF talde paramilitarraren arteko borrokaldia apirilaren 15ean hasi zen, eta azken urteetako krisi gogorrena eragin du herrialde afrikarrean. Trantsiziorako gobernua osatzeko negoziazioetan segurtasun indarren erreformaren inguruan dituzten desadostasunengatik piztu zen sua.

Trantsizio gobernua boteretik kentzeko estatu kolpea eman zuten bi aldeek 2021eko urrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak