Mundua -

AEB

Litekeena da Joe Bidenek gaur iragartzea bere hautagaitza

Buruzagi demokratak hilabeteak daramatza aditzera ematen 2024ko hauteskundeetara aurkeztuko dela. Iragarpena egiteko, bideoa kaleratuko omen du, eta 2020ko Presidentetzarako bozetara aurkeztuko zela iragartzeko hautatu zuen egun bera aukeratu du.

Biden, atzo egindako agerraldi batean. EFE
Biden, atzo egindako agerraldi batean.
Biden, atzo egindako agerraldi batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak 2024rako hautagaitza iragartzeko asmoa du gaur, asteartearekin, AEBko hainbat egunkarik jakinarazi dutenez. Bidenek atzo bertan aitortu zuenez, iragarpena "laster" egitekoa du.

Iragarkia egiteko, bideoa kaleratuko omen du, eta 2020ko Presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko zela iragartzeko hautatu zuen egun bera aukeratu du. 

Azaroan 80 urte bete zituen demokratak ez du oraindik iragarpen ofizialik egin, baina hilabeteak daramatza 2024ko hauteskundeetara aurkeztuko dela aditzera ematen.

Aurkeztekotan, Donald Trump (2017-2021) izan dezake parez pare, hark dagoeneko iragarri baitu errepublikanoen izendapena bilatzeko asmoa duela Etxe Zurirako lehian sartzeko. Horrela balitz, 2020ko hauteskunde lehia errepikatuko litzateke; Bidenek irabazi zuen orduan.

Hala ere, beste politikari kontserbadore batzuk errepublikanoen hautagai izateko prest agertu dira, hala nola Ron DeSantis Floridako gobernadorea eta Mike Pence Trumpekin presidenteorde izandakoa. Oraingoz, baina, ez dute urrats ofizialik eman.

Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohiak, berriz, bai iragarri du ofizialki bere hautagaitza. Trumpen Presidentetzan NBEn enbaxadore izan zena agintari ohi eztabaidatuari aurre egiteko asmoa agertu duen lehen hautagai kontserbadorea da. 

Demokraten artean, Bidenek ez du aurkari nabarmenik izango, alderdiko ordezkari nagusiek aurkezteari uko egin diotelako. Demokraten Batzorde Nazionalak babes osoa eman dio Bideni, eta iragarria du ez duela barne hauteskunderik deituko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden