Mundua -

Txostena

Fukushimako istripua 'gizakiak egindako hondamendia izan zen'

Ondorio horretara iritsi dira Japoniako Parlamentuaren aginduz gertakaria ikertu duten adituek. Istripua saihestu zitekeela diote adituek.

Fukushima. Argazkia: Efe
Fukushima.
Fukushimako hondamendia saihestu zitekeela diote adituek

01:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adituek diote Fukushimako zentral nuklearraren istripua saihestu egin zitekeela, eta Gobernuak eta TEPCO elektrizitate konpainiak gertakariari emandako erantzunean giza-akats ugari egon zela.

2011ko martxoan izandako lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioz gertatu bazen ere, "Fukushimako zentral nuklearraren istripua ez zen hondamendi naturala izan. Gizakiak egindako hondamendia izan zen, aurreikusi eta saihestu egin zitekeelako", adierazi dute adituen txostenean.

Gogor kritikatu dute Naoto Kan lehen ministro ohiaren Gobernuak hondamendiari eman zion erantzuna, Japongo Parlamentuaren aginduz egindako 641 orriko txostenean.

Hondamendi naturalaz gain, adituek diote Fukushimaren istripuan giza-akats ugari izan zela eta agintari publikoek ez zutela ikuskatzaile ardura bete; izan ere, TEPCOren esku utzi zuten lan hori eta ez zuen asmatu.

Gainera, ez dute baztertzen, TEPCOk esandakoaren kontra, lurrikarak erreaktorean kalteak egin izana. Elektrizitate konpainiak zioen tsunamiak eragin zituela kalteak, ez lurrikarak.

Elkarrizketak

Txostena sektore pribatuko 10 intelektual eta adituk egin dute. Krisi nuklearra argitzeko asmoz, 1.167 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte.

Elkarrizketatuen artean daude Naoto Kan Japoniako lehen ministro ohia (dimisioa eman zuen krisiaren kudeaketagatik jasotako kritikengatik) eta Tsunehisa Katsumata TEPCOren presidente ohia.

Adituen esanetan, Fukushimako istripu nuklearra "historian grabatuta" geratuko da, Japoniako zentral atomikoak beharrezko babes neurririk gabe harrapatu zituen eta krisia "oraindik ez da amaitu".

80.000 pertsona inguruk etxetik kanpo jarraitzen dute

Fukushimako zentralaren inguruko 20 kilometroko eremuan bizi ziren 80.000 pertsona oraindik ez dira etxera itzuli erradiaktibitate altuagatik.

Bien bitartean, zentralean milaka langile daude erregai nuklearra ateratzeko lanean. Lan hori amaitzeko 40 bat urte igaroko direla aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea