Mundua -
Garaipenaren eguna
Putinek Mendebaldeari egotzi dio banaketaren, gatazken eta munduko iraultzen errudun izatea
"Guk nazioarteko terrorismoari buru egingo diogu, Donbasseko herritarrak defendatuko ditugu eta gure segurtasuna bermatuko dugu", esan du errusiar presidenteak Plaza Gorrian, desfile militarrean, egindako agerraldian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako presidente Vladimir Putinek salatu du "erabateko gerra" piztu dela bere herrialdearen aurka, baina "garaile" aterako direla. Era berean, Mendebaldeari leporatu dio banaketaren, gatazken eta munduko iraultzen errudun izatea.
"Guk nazioarteko terrorismoari buru egingo diogu, Donbasseko herritarrak defendatuko ditugu eta gure segurtasuna bermatuko dugu", esan du Errusiako presidenteak Plaza Gorrian, Garaipenaren Egunaren kariaz egindako desfile militarrean.
Putinek azpimarratu du Errusiak ez duela herri etsairik edo aurkaririk Mendebaldean, "ezta Ekialdean ere", eta, "munduko herrialde gehienak bezala, etorkizun baketsu, aske eta egonkor bat" nahi duela.
Alabaina, Mendebaldeari egotzi dio Hitlerren garaiko Alemanian gertatutakoa ahaztea.
"Iruditzen zaigu gailentasunean oinarritutako edozein ideologia nazkagarria, kriminala eta hiltzailea dela izatez. Nolanahi dela, elite globalistek beren esklusibotasuna defendatzen jarraitzen dute, jendea aurrez aurre jarrita, gizartea zatikatuta, gatazka odoltsuak eta estatu-kolpeak eraginda, —besteak beste— Errusiarenganako gorrotoa zabalduta eta nazionalismo agresiboa sustatuta", nabarmendu du.
Gauzak horrela, Mendebaldeko indarrei leporatu die beren borondatea, eskubideak, arauak eta errealitatea inposatzea, eta harrapaketa, indarkeria eta zapalkuntza sistema bat eraikitzea, "gizona gizon bihurtzen duten balioak deseginda".