Mundua -
AEB
Trumpek esan du Putinek "akatsa" egin zuela Ukraina inbaditzean, eta ukatu du gerra kriminala dela
"Presidente banintz, egun batean konponduko nukeen, 24 ordutan", zehaztu du Estatu Batuetako presidente ohiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak adierazi duenez, Vladimir Putin Errusiako agintariak "akats bat egin zuen" Ukrainaren inbasioa hasi zuenean, eta 2020ko azaroko hauteskundeetan berrautaketa lortu izan balu, gatazka ez zatekeela piztuko esan du berriro.
"Bere akatsa gerran sartzea izan zen. Inoiz ez zukeen egingo, ni presidente izan banintz", esan du CNN telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketa batean. Bertan, uko egin dio Putinek gerra krimenak egin ote dituen esateari.
"Gerrako kriminala dela esaten baduzu, askoz zailagoa izango da akordio bat lortzea hau gelditzeko", argudiatu du. "Gerra kriminala bada eta jendeak harrapatu eta exekutatu nahi badu, egiten ari dena baino askoz gogorrago borrokatuko da. Hori ondoren eztabaidatu behar den zerbait da", gaineratu du.
Era berean, ez du esan gerra nork irabaztea nahiago duen, eta "ez dut irabazteko eta galtzeko terminoetan pentsatzen, konpontzeko terminoetan baizik, jende hori guztia hiltzeari uzteko". "Errusiarrak eta ukrainarrak hiltzeari uztea nahi dut", azpimarratu du.
"24 orduren buruan lortuko nukeen", adierazi du, Etxe Zurian oraindik izan balitz bake akordioa lortzeko aukeren inguruan galdetuta. "Presidente banintz, egun batean konponduko nukeen, 24 ordutan", zehaztu du Trumpek, eta Putinek eta Volodimir Zelenski presidenteek "ahuleziak eta indarrak" dituzte, "baina 24 ordutan gerra konponduko zen", esan du.