Mundua -
Operazioa
Mundu osoko 2.200 pederasta identifikatu ditu Suitzako Poliziak
"Identifikatutako pertsonak ez dira soilik haur pornografia kontsumitzaileak, umeei abusuak egiten zizkieten gizonak ere baziren tartean", dio Poliziaren oharrak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mundu osoko 2.200dik gora pederasta identifikatu ditu Suitzako poliziak, hamar urte iraun duen "Ninja Dordoka" operazioan, ikerketan parte hartu duen erakunde batek gaur bertan jakinarazi duenez.
Suitzako zenbait kantoitan hainbat lagun atxilotu dituzte delitu horrekin lotuta, eta Kroazian, Brasilen, Frantzian, Perun, Errumanian eta Espainian ere izan dira atxiloketak, Argoviako (Suitza iparraldea) Poliziak ohar baten bidez adierazi duenaren arabera.
Ezizenak erabilita, eduki pornografikoa trukatzen zuten sarean. 2012an jabetu zen horretaz suitzar polizia, Argovian Ninja Dordoka goitizenarekin jarduten zuen pertsona bati esker.
GigaTribe plataforma digitalaren bidez trukatzen zituzten edukiak, anonimatuan aritzeko aukera ematen baitu.
Ikerketa hasi eta hiru urtera, Ninja Dordoka identifikatzea lortu zuen Poliziak —62 urteko alemaniar bat—. Zigortu egin zuten, baina aldi berean profil birtual hori erabiltzen jarraitu zuten, susmagarri gehiago identifikatze aldera.
"Identifikatutako pertsonak ez dira soilik haur pornografia kontsumitzaileak, umeei abusuak egiten zizkieten gizonak ere baziren tartean", dio Poliziaren oharrak.