Mundua -

Italia

Gertukoek azken agurra eman diote Silvio Berlusconiri, eta gaur izango da estatu- hileta

Segurtasun-arrazoiak tarteko, hil-kapera ez da publikoa izan eta senitarteko eta lagunek bakarrik bisitatu ahal izan dute Arcoreko Villa Martinon paratutako beilatokia. Hileta arratsaldean izango da, Milango katedralean.

Villa Martinoren kanpoaldea; han paratu dute hil-kapera. EFE
Villa Martinoren kanpoaldea; han paratu dute hil-kapera.
Asteazkenean estatu-hileta egingo diote Berlusconiri, Milanen

00:53

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gertukoek eman diote azken agurra Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia izandakoari. 86 urterekin hil zen atzo, astelehenarekin, Milango San Raffaele ospitalean.

Hil-kapera ez da Mediaset bere telebistaren Milango egoitzan izan, aurreikusi bezala, "ordena publikoko arazoak" saihesteko.

Estatu-hileta gaur, asteazkenarekin, izango da, 15:00etan, Milango katedralean, Sergio Mattarella Errepublikako presidentea buru eta Georgia Meloni lehen ministroa bertan dela. Politikako, ekonomiako eta gizarteko pertsonaia publikoak izango dira bertan. Agintariek ez dute zehaztu zein izango den katedralaren gehieneko edukiera, baina gehienez 5.000 lagun sartu ahalko dira. 

Katedralaren plazan, pantaila erraldoiak jarriko dituzte, jendeak hileta jarraitzeko aukera izan dezan. Dolu-egun nazionala izango da Italia osoan.

Politikari eta enpresaburua aspalditik zegoen gaixo, leuzemia mielomonozitiko kronikoa baitzuen. Ostiralean eraman zuten erietxera, azkenekoz sendagiria jaso eta hiru astera (44 egun eman zituen pulmoniak jota). Azken hilabeteotan, maiz egon da ospitaleratuta Italiako politikaria, eta asteburuan okerrera egin du haren osasun-egoerak. 

Erreakzioak Italian eta Italiatik kanpo

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak Berlusconi "Italiako historian eragin handiena izan duten gizonen artean" dagoela esan du. "Berlusconi, batez ere, borrokalaria zen, inoiz bere usteak defendatzeko beldurrik izan ez zuen gizona, adorez eta erabakitasunez", adierazi du Italiako Gobernuko buruak.

Giorgia Meloni: ''Berlusconirekin Italiako historiako gizonik garrantzitsuenetako bat joan da''
Giorgia Meloni: ''Berlusconirekin Italiako historiako gizonik garrantzitsuenetako bat joan da''
Giorgia Meloni: ''Berlusconirekin Italiako historiako gizonik garrantzitsuenetako bat joan da''

0:52

Matteo Salvini Ligako liderraren ustez, "gizon handi bat eta italiar handi bat hil da"; Enrico Letta Alderdi Demokratikoko buruak adierazi duenez, haren heriotzak herrialde osoari eragiten dio, "historia egin zuelako", eta Giuseppe Conte 5 Izar Mugimenduko presidentearen arabera, "inoiz ez zaio kemena, grina eta tinkotasuna falta izan".

Matteo Renzi lehen ministro ohiaren aburuz, era guztietako sentimenduak sortu zituen, "askok maitatu zuten, askok gorrotatu zuten", baina, iritzi politikoak alde batera utzita, "historia egin zuen". Romano Prodi lehen ministro ohiak Italian "eragin handia" izan duen konpromiso publiko "luze eta bizia" izan zuela nabarmendu du.

Frantzisko aita santuak politika nazionalaren "protagonista" izateagatik eta "izaera kementsuagatik" gogoratu du. Telegrama batean, "gertutasuna" helarazi dio familiari, "Italiako bizitza politikoko protagonista baten galeragatik".

Europar Batasunean, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak zentro-eskuinaren buru izan zen "borrokalari" gisa gogoratu du Berlusconi. "Arrastoa utzi du, eta ez da ahaztuko", adierazi du.

Nazioartean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak "pertsona bikaina" eta "benetako abertzalea" gogoratu du, bere garaian Errusiaren eta Europako herrialdeen arteko harremanak hobetzen lagundu zuena. "Mundu mailako politikaria zen. Bera bezalako pertsona asko ez dira geratzen nazioartean", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Vladímir Putin bideoak Alderdi politikoak albisteak Aita santua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Italia Eskuin muturreko mugimenduak