Mundua -

Krisi politikoa

Ruttek gobernuaren dimisioa eta hauteskunde aurrerapena iragarri du Herbehereetan

Asilo politikaren inguruan dauden desadostasunek eragindako krisiaren ondotik dator erabakia. Presidenteak esan du oraindik ez duela erabaki berriro hautagai izango den ala ez.

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa. Argazkia: Efe
Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa. Argazkia: Efe
Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak 2022ko urtarriletik gidatzen ari den zentro-eskuineko gobernuaren dimisioa iragarri du asilo politikaren inguruan dauden desadostasunengatik. Hala, hauteskunde aurrerapena agindu du, eta jakinarazi du oraindik "patxadaz pentsatu" behar duela aurkeztu ala ez.

Ostiral gauean egindako aparteko ministroen kontseiluaren ostean, Ruttek esan zuen alderdi guztiek egin dutela "ahal zuten guztia irtenbidea bilatzeko", baina migrazio politiken inguruan dituzten desadostasunak "konponezinak" direla. Hori horrela, erregeari aurkeztuko dio dimisio agiria larunbat honetan, Hagan.

Bestalde, Ruttek esan zuen VVD alderdi liberalaren buruzagi izaten jarraitzeko "indarrez" dagoela, zantzu guztien arabera udazkenean izango diren hauteskundeetan hautagai izan edo ez erabaki ez badu ere.

Gobernua osatzen zuten lau zentro-eskuineko alderdiek desadostasunak izan dituzte azken hilabeteetan errefuxiatuen inguruan, baina egoera okertu egin zen asteazkenean, Ruttek hilean 200era mugatu nahi izan zuenean elkartutako errefuxiatuen senide kopurua eta bi urteko itxaronaldia ezarri nahi izan zienean Herbehereetara bidaiatzeko. Hori onartezina da D66 aurrerakoiarentzat eta Batasun Kristauarentzat (CU).

Hala ere, Ruttek azpimarratu zuen gobernua hausteko erabakia "aho batez" hartu zutela eta ez zela alderdi batek bultzatua izan. "Agerikoa zen lau aldeek ikuspuntu desberdina genuela gai honen inguruan", berretsi zuen.

Mirjam Bikker Batasun Kristauaren buruzagiak azaldu zuen bere alderdiarentzat "balore garrantzitsuenetako bat haurrak gurasoekin haztea" dela, eta horretan oinarrituta erakutsi zutela desadostasuna.

Pieter Heerma Dei Demokristaueko (CDA) buruzagiak "oso albiste txar"tzat jo zuen Gobernua haustearen erabakia, eta Rutteri leporatu zion eztabaida gogortu izana: "Bere jarrera arduragabea izan zen".

Astelehenean eztabaida Parlamentura iritsiko da, osoko bilkurara.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Herbehereak Eguneko albisteak Albisteak