Mundua -
Hilketa Denverren, iruzkina
Errealitatea VS Irrealitatea
Denverren mugarria aurkitu du kaputxadun batek, poliziak aparkalekuan atxilotu duenean. Agian orduan soilik ikusi du zementoaren gaineko likits hori odola zela eta ez tomatea.
Goizalde Landabaso
Zinea. Duela urte batzuk. "Tiger & Dragon" filma ikusten zinema areto ilun batean. Aurrean gazte batzuk suminduta: "ez dago eskubiderik, ez da batere erreala" zioten marmarti. Amaieran hurbildu nintzaien eta galdetu nien zergatik ez ote zen sinesgarria pelikula. "Errealitatean ezin da hegan egin". Supermanek hegan egiten duela esan nien, "baina hori ezberdina da" erantzun zidaten.
Pantaila barrukoa eta kanpokoa bereiztea ez ei da hain erreza. Komikietan jaio ziren superheroiak, beharbada gizarteak orduan (eta agian beti) heroiak behar zituelako (agian beti beharko dituelako). Gero zinemetako pantailara pasatu zen. Eta hortxe ikusi genuen; Superman, Spiderman, Catwoman, Hulk eta Batman, beste batzuen artean.
Ongiaren bila beti, justizia ez dagoen tokietan justizia ezartzera. Azterketa semiotikoa egingo bagenu gabezia ikaragarriak aurkituko genizkioke filmoi, gure ideologiarekin talka egiten duten gauzak agertuko lirateke, baina atseginak dira denbora pasarako. Eta hain dira onak filmak batzuetan benetakoak diruditela. Batzuetan hain da zorigaiztokoa gure bizitza, hain lakarra, hain maldan goratsua, Spiderman edo Batman edota Superwoman izan nahiko genukeela.
Nik ere nahi nuke noizean behin super botereak izan, baina badakit, jakin, hori komiki eta filmetan baino ez dela gertatzen. Beharbada autoren baten iragarkiren batean ere bai, baina hortik gora errealitatea argia da: tiro egiten badigute hil egiten gara. Hilkorrak garelako. Haragi-hezurrezko eta sei litro odolez beterikoak.
Zelan eragotzi? AEBetan lautik pertsona batek armak ditu (283 miloi arma zibilen eskuetan. Eta Urtero hazi egiten da kopurua 4,5 miloi arma gehiago saltzen delako). 2009an populazioaren % 33-k armak zituen (osasun psikologikoaz ez da deus ere esaten). Antza denez, eguneko 268 pertsona armek zaurituak izaten dira. Hau Euskal Herria da, bai; eta hura Estatu Batuak. Hollywood, cowboy eta bluesaren herria.
AEBetan jazotzen direnak ikusita, sarri, film bat ikusten ari naizela sentitzen dut. Irrealitatean bizi direla. Tarantinoren pelikula batean. Mundua da gure pelikula eta gu gara munduaren pelikula. Non hasten da errealitatea eta non fikzioa?
Gaur Denverren mugarria aurkitu du kaputxadun batek, poliziak aparkalekuan atxilotu duenean. Agian orduan soilik ikusi du zementoaren gaineko likits hori odola zela eta ez tomatea.