Mundua -

ESTATU BATUAK

Trumpek errugabea dela esan eta "jazarpen politikoa" salatu du

2020ko hauteskundeetako emaitzak iraultzen saiatu izana egotzita leporatu dizkioten lau karguen aurrean, bere burua errugabetzat jo du. Moxila Upadhyaya epaileak Trump libre uztea onartu du, aske uzteko baldintzak jarrita, eta agintari ohiaren aurkako hurrengo saioa abuztuaren 28rako deitu du.

Donald Trump, Washingtonera heltzen. Foto: EFE
Donald Trump, Washingtonera heltzen.
Trumpek ukatu egin du 2020ko hauteskundeetako emaitzak aldatzen saiatu izana

0:41

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente ohiak (2017-2021) bere burua errugabetzat jo du ostegun honetan Washington hiriko gorte baten aurrean, 2020ko hauteskundeetako emaitzak iraultzen saiatzeagatik. Joe Bidenek gidatutako "jazarpen politikoa" dela salatu du.

77 urteko presidente ohiak ukatu egin ditu akusazioak, Jack Smith fiskal bereziak zuzendutako ikerketa bat burutu ondoren egotzitakoak.

"Aurkari politiko baten jazarpena da. Hau ez litzateke inoiz gertatu behar Ameriketako Estatu Batuetan", esan du Trumpek auzitegitik atera ostean aireportuan egin dituen adierazpenetan. Datorren urteko hauteskundeei begira egiten ari diren inkestetan Joe Biden presidentearen aurretik ageri delako ari direla jazartzen salatu du.

Datorren urtean errepublikanoek egingo dituzten barne-hauteskundeen inguruan egiten ari diren inkestetan lehen postuan dagoelako (2024ko azaroko presidentetzarako hauteskundeetan bere alderdiko hautagai izateko aukeratuko dute) eta jazarpena egotzi dion AEBko presidentearen aurretik doalako jazartzen ari direla gaineratu du.

Moxila Upadhyaya epaileak irakurri ditu Trumpi leporatzen dizkioten lau kargu kriminalak. AEBko presidente ohia John Lauro eta Todd Blanche abokatuekin batera egon da eserita, Jack Smith fiskal berezia zegoen tokitik metro eskasetara.

Epaileak Trump libre uztea onartu du, aske uzteko baldintzak jarrita, eta agintari ohiaren aurkako hurrengo saioa deitu du abuztuaren 28rako.

Washingtongo epaimahai batek honako karguak leporatu dizkio: AEBri iruzur egiteko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzeko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzen saiatzea eta eskubideen aurkako konspirazioa.

"Presidentetzarako hauteskundeen emaitza legitimoak aldatzea zen konspirazioaren helburua, eta, horretarako, nahita erabili zituen iruzurra hauspotzeko aldarri faltsuak, botoak bildu, zenbatu eta egiaztatzeko gobernu federalaren lana oztopatzeko", irakur daiteke 45 orrialdeko akusazio idatzian. 

Era berean, 2020ko hauteskundeetan iruzurra egon zela zabaltzeko eta bere garaipena aldarrikatzeko "gezurrak" esatea leporatzen diote. "Adierazpenak faltsuak ziren, eta akusatuak bazekien faltsuak zirela", idatzi horretan irakur daitekeenez. 

Halaber, emaitzak legez inpugnatzeko eginahalak egin zituen Trumpek, kale egin zuten arren, eta botoak ez zenbatzeko "legez kanpoko metodoak" baliatzea egotzi diote.

Bestalde, "hauteskunde iruzurraren inguruko adierazpen faltsuak egin zituen behin eta berriz, presidenteordeak (Mike Pence) emaitzak alda zitzakeela-eta itxaropen faltsuak zabaldu zituen, eta jarraitzaileak Kapitolioa hartzera bultzatu zituen". 

Trump presidente ohiaren kontrako hirugarren inputazioa "orain arteko larriena" da, Chuck Schumer demokraten goi ganberako buruaren arabera. Aurrez, Stormy Daniels pornografia aktorearen auzian, eroskeria leporatu zioten, eta dokumentu klasifikatuen auzian, bere kontrako 40 karguri egin beharko die aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak Joe Biden azken albisteak