Mundua -

AEB

Hawaiiko baso-suteek 80 hildako eta 1.000 desagertu utzi dituzte dagoeneko

Hildakoen kopuru berriak hondamendia 1960ko tsunamiaren aurretik jarri du eta Estatuko hondamendi natural hilgarrienetako bat da.

Suak Lahainan (Hawaii) kiskalitako eremua, airetik. Argazkia: EFE
Suak Lahainan (Hawaii) kiskalitako eremua, airetik.
Zenbait baso-sutek Hawaii kiskali dute

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maui konderriko agintariek 80ra igo dute Hawaiiko baso-suteen ondorioz hildakoen kopurua larunbat honetan. Guztira, 1.000 pertsona inguru desagertu dira, eta artxipelagoa AEBetako estatu denetik izandako hondamendi natural batek eragindako tragediarik handiena dira suteok.

Maui konderriko webgunean zabaldutako mezu batean, agintariek baieztatu egin dute kopuru berria, eta Lahainan piztutako sutea oraindik guztiz kontrolpean ez dagoela ohartarazi dute.

Orain arte, uharteak bizi izan duen hondamendi hilgarriena 1960an gertatutako tsunamia izan zen, 61 pertsona hil zituena. Suteek milaka ebakuatu utzi dituzte orain arte. Izan ere, larunbat honetan bertan, agintariek Kaanapali ebakuatzeko agindua eman dute, Lahaina iparraldean, eragin handiena izan duen eremuan.

Josh Green Hawaiiko gobernadoreak onartu du astebete baino gehiago igaro daitekeela bertako agintariek Lahaina hiri historikoan kiskalitako hondakinak ikuskatu baino lehen.

Tokiko agintarien arabera, 14.000 pertsona baino gehiago ebakuatu zituzten Maui uhartetik asteazkenean, eta 14.500 inguru gertuko uharteetara eramaten ari dira, CNN kateak jaso duenez.

Richard Bissen Lahainako (artxipelagoko hiriburu ohia eta Hawaiiko gune turistikoenetako bat) alkateak uste du hiriaren % 80 erabat suntsituta geratu dela sugarren ondorioz.

Ostiralean, 11.000 pertsona baino gehiagok argindarrik gabe jarraitzen zuten Estatuan, PowerOutage.us-en arabera, eta, beraz, uhartearen zati handi batekin komunikazioak konplexuak dira oraindik.

Irudiek erabat suntsitutako eremuak erakusten dituzte, eta Aireko Patruila Zibilak zehaztu du ia 300 egitura kaltetu dituela suak.

Ostegunean, Joe Biden AEBko presidenteak hondamendi egoera deklaratu zuen Hawaiin, eta laguntza federala bidaltzea agindu zuen, joan den asteartean hasi ziren baso-suteek kaltetutako eremuetan estatuko eta tokiko suspertze-ahaleginak osatzeko.

Azken hilabeteetan irletan izan den lehorte handiaren eta Dora urakanaren haize indartsuen ondorioz, sugarrak askoz azkarrago zabaldu dira, tokiko agintarien arabera, eta, gainera, sua itzaltzeko lanak zaildu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Suteak Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden