Mundua -
Argentina
Hauteskunde orokorren atarikoa izango diren primarioetan bozkatuko dute gaur argentinarrek
Herriaren gogo-aldartearen erradiografia izan ohi dira hauteskundeok, eta aurreikusten denez, klase politikoarekin duten nahigabea berriro ere agerian geratuko da, tokiko hauteskundeetan bezala.
Agentziak | EITB MEDIA
Argentinarrek hauteskunde orokorretan parte hartuko duten hautagaiak baino zerbait gehiago jokoan dagoela dirudien primarioetan bozkatuko dute igande honetan. Alde biek, peronismoak eta oposizio kontserbadoreak, berdintsu hasi dute horretarako lasterketa.
Aldi Bereko eta Nahitaezko Primario Irekiak (PASO) herrialdearen gogo-aldartearen erradiografia bat izan ohi dira, eta, tokiko hauteskundeetan gertatu zen bezala, herritarrek klase politikoarekin duten nahigabea berriro ere agerian geratuko dela aurreikusten da; azken horietan abstentzioaren eta boto zuriaren portzentajea altua izan zen.
Hautagai guztiek ekonomia hobetzeko proposamenak aurkeztu dituzte euren kanpainetan; izan ere, inflazioa % 50 ingurukoa da herrialde horretan, pobrezia-tasa % 40 ingurukoa eta segurtasunik eza handitzen ari da, bai desberdintasun sozialagatik, bai narkotrafikoarekin lotutako egitura kriminalen areagotzeagatik.
Igande honetako hauteskundeetan, azken urteetako politikagintzako aurpegi ezagunak ez dira aurkeztuko, hala nola Cristina Fernandez presidenteordea (Justiziak 2022ko abenduan gaitasungabetu zuen) eta Mauricio Macri oposizioko burua. Bestalde, Alberto Fernandez presidenteak iragarri zuen ez zuela bere burua aurkeztuko, bere alderditik eskatzen zioten bezala.
Peronismoari dagokionez, Aberriaren Aldeko Batasunaren hautagaiak Sergio Massa Ekonomia ministroa (inflazioari eutsiz hautesleak konbentzitzeko erronka du) eta Juan Grabois (koalizio ofizialistaren ezkerreko indarretako baten burua eta mugimendu sozialetatik datorrena) dira.
Peronismoaren barruan nolabaiteko ezegonkortasuna dagoen testuinguru honetan, Elkarrekin Aldaketaren Alde oposizioko koalizio eskuindarrak abantaila txiki bat du urriko hauteskundeei begira, zenbait inkesten arabera. Primarioak, oso irekiak, Buenos Aires Hiri Autonomoko gobernuburu Horacio Rodriguez Larretak eta Segurtasun ministro ohi Patricia Bullrichek, Macriren oso hurbilekoak, lehiatuko dituzte.
Bien bitartean, ultraeskuinak, Javier Milei ekonomista ultraliberal histrionikoa buru duela, ekonomia dolar-eremura hurbiltzeko, Banku Zentrala ixteko eta delinkuentziaren aurka gogor jarduteko proposamenak egin ditu.
Hauteskunde primario hauetan, hurrengo lau urteetarako Etxe Arrosako maizterra ez ezik, Kongresu Nazionalaren zati bat berritzeko hautagaiak ere jokoan daude, baita hurrengo gobernadore probintzialak ere, besteak beste, Buenos Aires Hiri Autonomoko gobernuburua eta tokiko eta udaleko beste kargu exekutibo batzuk.