Mundua -
ITALIA
Meloniren bikotekideak, Italiako bortxaketen inguruan: "Ez mozkortu eta otsoak topatzea ekidingo duzu"
Andrea Giambruno Mediaseteko kazetariak bortxaketak justifikatuz egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte Italian.
AGENTZIAK | EITB Media
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren mutil-lagunak bortxaketen inguruan esandakoek harrabotsa sortu dute herrialdean.
Andrea Giambruno Mediaset taldeko kazetaria ere badenak bortxaketak justifikatu ditu. "Ez mozkortu eta ez galdu konortea, eta horrela, otsoak topatzea ekidingo duzu" esan du Rete 4 telebista katean aurkezten duen saioan.
Sortutako polemikaren ondotik, kazetariak azpimarratu du sexu-erasotzaileak "piztiak" direla eta gertatutakoa "gaitzesgarria" dela. "Nik esan nuena desitxuratu dutenek edo fede txarrez egin dute edo ulermen arazo larriak dituzte", gaineratu du.
Azkenaldian, Italian gertatu diren bi sexu-eraso zeresana ematen ari dira. Aste honetan jakin denez, uztailean 13 urteko bi neskatori taldean sexu-erasoa egin zieten Caivanon (Napoles), eta 19 urteko emakume bati sexu-erasoa egin zioten Palermon.
Testuinguru honetan, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa Caivano udalerrira joango da ostegun honetan, kriminalitate eta abandonu arazo larriak dituen herrira.