Mundua -
Migrazio krisia
Von der Leyenek immigrazio irregularra geldiarazteko plan europarra iragarri du Lampedusan
Europar agintariaren bisitarekin batera, 1.000 migratzaile baino gehiago iritsi dira azken orduetan uhartera, aste honen erdialdean hiru egunetan iritsi ziren 10.000 pertsonetatik urrun.
Agentziak | EITB Media
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako ekintza plan bat iragarri du igande honetan Lampedusa uhartean, Mediterraneoko migrazio krisiaren epizentroan, immigrazio irregularra geldiarazteko eta Italiako kostaldera iritsitako pertsona migratzaileen lekualdatzeen kudeaketa partekatzeko.
"Legez kanpoko immigrazioa Europaren erronka dela eta erantzun europarra behar duela esatera etorri naiz Lampedusara", adierazi du Von der Leyenek, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin batera. Azken horrek auropar agintariaren laguntza eskatu du, hiru egun eskasetan uhartera 10.000 migratzaile baino gehiago iritsi ostean.
Iragarritako programak hamar konpromiso jasotzen ditu, besteak beste, elkartasun mekanismo bat, Europako beste herrialde batzuek Lampedusara iritsitako migratzaileak Italiatik kanpo transferitzeko, pertsonen trafikoaren aurkako Europako legedia eguneratzeko eta korridore humanitario legal eta seguru berriak definitzeko.
Von der Leyenek, halaber, Mediterraneoko aire zaintza areagotuko duela agindu du, Frontex bezalako agentzia europarren bidez, eta jatorrizko herrialdeekin protokoloak koordinatuko dituela Europako asilo baldintzak betetzen ez dituzten migratzaileak baldintza seguruetan aberriratzeko.
"Guk erabaki behar dugu Europar Batasunean nor sartuko den, ez trafikatzaileek", esan du bere hitzaldian, Afrikatik egunero dozenaka gabarra iristen diren harrera zentroa bisitatu ondoren.
Europako mandatariaren bisitarekin batera, 1.000 migratzaile baino gehiago iritsi dira azken orduetan uhartera.
Egoera horrek erabat gainditu zuen uhartearen harrera ahalmena (20 kilometro karratuko hedadura du), eta Italiako gobernuburua Europar Batasunaren laguntza eskatzera eraman zuen.
Europar programa Meloni ultraeskuindarrak duela ia urtebete kargua hartu zuenetik defendatzen duen estrategiaren aldeko bultzada da: Europako herrialdeen artean migratzaileen banaketari buruzko liskarrak alde batera uztea eta ahaleginak irteerak geldiaraztera bideratzea, Afrikako estatuekin akordioak eginez.