Mundua -
Bake prozesuaren kontra
Hiru talde disidente elkartu eta IRA berri bat sortu dute Irlandan
The Guardian-en arabera, talde horietan "ehunka kide" daude, baita lehengo IRAko kideak ere.
Erredakzioa
Irlandako Armada Errepublikanoko (IRA) lau talde disidenteetatik hiruk, Ipar Irlandako bake prozesuaren kontrakoek, organizazio berri bat sortu dutela zabaldu dute, Britainia Handiko probintzia horretan borroka armatuarekin jarraitzeko.
The Guardian hedabidera igorritako agiri baten arabera, organizazio berriak “agintari bakarra duen egitura bateratu bat” sortu du, “Irlandako Armada Errepublikano” bezala aritzeko.
Talde armatua Benetako IRA (RIRA) taldeko kideek osatzen dute, batik bat. RIRA IRAtik banandu zen 1997an eta urtebete geroago Omagheko atentatua egin zuen -29 pertsona hil ziren atentatu horretan, horietako bi espainiarrak ziren-; halere, Jarraipeneko IRA (bertako beste talde disidente handia) talde berritik kanpo geratu da.
Koalizioa Derryn (Ulster) jarduten diren Drogen Kontrako Ekintza Errepublikanoa (RAAD) taldeko boluntarioek eta Belfasten eta zenbait landa-gunetako talde errepublikano independenteek (Óglaigh na hÉireann izenez ezagutuak) osatzen dute.
The Guardianen arabera, talde horietan “ehunka kide” daude, baita lehengo IRAko kideak ere. Azken hauek droga-trafikatzaileen kontrako kanpaina beldurgarria egin dute azken urteotan Derryko auzo katolikoetan.
Organizazio berriak, aipatutako hedabidean agertzen denez, indarrak batu eta segurtasun indarren eta Britainiako bestelako interesen kontrako ekintza kopurua handitu nahi dute.