AEB-ko Hauteskundeak -
AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK
Romneyk dudan jarri ditu Olinpiar Jokoen segurtasuna eta antolaketa
Zenbait hanka sartzek AEBetako Presidentetzarako hautagaiak Londresera egin duen bisita baldintzatu dute. Bisitan, Romney lehen ministro britainiarrarekin, David Cameronekin, bildu da.
Erredakzioa
Asteazkenean, NBC kateak elkarrizketa bat egin zion Romneyri, Londresen. Horretan, gaur hasiko diren Olinpiar Jokoei buruz galdetu ziotenean, "ondo aterako den jakitea zaila da. Zenbait gauza kezkatzekoak dira", erantzun zuen errepublikanoak.
Gainera, Erresuma Batuko hainbat funtzionario-kolektibok egin duten greba mehatxua "ez da animoa pizteko modukoa", Romneyk adierazi zuenez.
Cameronekin bildu ondoren, NBC telebista katean Londreseko Jokoen inguruan egindako baieztapenak leundu ditu Romneyk, eta bileran "Olinpiar Jokoen antolaketak izan duen aurrerapen bikainari buruz" aritu direla aipatu du.
Hala ere, hori ez da Romneyk Londresera egindako bisitan izan duen hutsegite bakarra. Ed Milibandekin, Alderdi Laboristaren ordezkariarekin, bildu zenean, Romneyk "lider jauna" hitzak erabili zituen Miliband agurtzeko; dirudienez, horren izena ahaztu zuen errepublikanoak. Bestetik, MI6 espioitza talde sekretuaren nagusiarekin izandako bileraren berri eman izana ezohikoa izan da. Izan ere, sekretuak izan ohi dira bilera horiek.
2002ko Salt Lake Cityko (Utah, AEB) neguko Olinpiar Jokoen antolakuntzan parte hartu zuen Romneyk. Orain, Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak Londresen egindako adierazpenek kritikak sorrarazi dituzte prentsaren eta politikarien artean.
Londreseko alkateak, Boris Johnsonek, Romneyren kritikei erantzun die Hyde Parken egindako hitzaldian: "Mitt Romney izena duen tipo batek prest ote gauden jakin nahi duela entzun dut. Prest gaude? Bai, horixe!", adierazi du Johnsonek.