Mundua -

Indarkeria bolada

Siriako Gobernuak erasoaldia abiatu du matxinoen aurka Alepon

Matxinoek menderatutako auzoak berreskuratu nahi ditu Bashar al Assadeko Gobernuak. Gutxienez 51 lagun hil dira dagoeneko Damasko eta Alepo hirietan.

Indarkeriak okerrera egin du azken egunotan Alepo hirian. Argazkia: EFE
Indarkeriak okerrera egin du azken egunotan Alepo hirian. Argazkia: EFE
Siriako armadak Alepo hiriaren kontrako eraso haundia bota du

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Gobernuak erasoaldia abiatu du larunbat honetan matxinoek osatutako taldeen aurka Alepo hirian, Siriako iparraldean. Matxinoek menderatutako auzoak berreskuratu nahi ditu Bashar al Assadeko erregimenak. Gutxienez 51 lagun hil dira dagoeneko Damasko eta Alepo hirietan.

Hisham al Halabi ekintzaileak jakitera eman duenez, Gobernuko tropak hegazkin militarrak, Mig 21 ehiza-hegazkin errusiarrak eta tankeak ari dira erabiltzen.

Matxinoen eta Gobernuko Armadaren arteko borrokaldi bortitzak ari dira ematen. Al Halabik azpimarratu duenez, erasoak Salahedin, Al Sahur, Hanano, Al Shaar, Al Fardus eta Al Furqan auzoetan jazo dira.

Matxinoekin alderatuta, Alepora iritsi diren erregimenaren militarrek arma arinagoak dituzte, baina Al Halabi ekintzaileak nabarmendu duenez, "Siriako Armada Askeak (matxinoak) arma kopuru nahikoa du, eta Alepon ondo kokatuta dago".

Alepo Siriako bigarren hiri nagusiena eta herrialde honetako gune ekonomikoa da. Alepon balizko sarraskia izateko aukerak beldurra zabaldu du nazioarteko mailan, Washingtonek, Londresek eta Parisek dagoeneko adierazi dutenez.

Nazio Batuen eta Erresuma Batuaren gaitzespena

Erasoaldia eteteko eskatu diote Siriako Gobernuari Nazio Batuen Erakundeak eta Erresuma Batuko Gobernuak.  "Alepon izandako indarkeria boladagatik kezkatuta nago oso", esan du Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiak. "Erasoaldia eteteko eskatu nahi diot Gobernuari. Zibilen sufrimendua saihesteko, indarkeria bertan behera utzi behar dute bi aldeek", adierazi du.

Zentzu berean mintzatu da William Hague Erresuma Batuko Atzerri Gaietarako ministroa. Gertutakoak "kezkatu nau oso". "Indarkeria hau onartezina da; gainera, lagunen heriotzak eta giza-porrota ekarriko ditu", iragarri du Haguek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea