Mundua -

AEB

AEBko ganberek aurrekontuen 45 eguneko luzapena onartu dute, eta Gobernuaren itxiera saihestu

Arauak ez ditu jasotzen demokraten eta errepublikanoen artean talka handien eragiten dituzten bi gaiak: Ukrainari emandako laguntzak eta hegoaldeko mugara bideratutako funtsak handitzea. Horiek kanpo uzteak ahalbidetu du, hain zuzen, legea aurrera ateratzeko alderdi biko babesa lortzea.

Kevin Mccarthy, akordioaren berri ematen. EFE
Kevin Mccarthy, akordioaren berri ematen. EFE
Kevin Mccarthy, akordioaren berri ematen. EFE

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Kongresuak eta Senatuak aurrekontuak 45 egunez (azaroaren 17ra arte) luzatzeko akordioa erdietsi dute, eta larunbatetik iganderako gauerdirako aurreikusita zegoen aurrekontu-paralisia eta Gobernuaren itxiera saihestu dute hala, baita horrek herrialdeko Gobernuaren funtzionamenduan eta ekonomian izango zituen ondorio larriak ere. 

Arauak ez ditu jasotzen demokraten eta errepublikanoen artean desadostasun handienak sortzen dituzten bi gaiak: Ukrainari emandako laguntza eta hegoaldeko mugarako funtsak handitzea. Hain zuzen ere, Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidenteak puntu horiek joko-taulatik ateratzearen alde egin du, bere alderdiko erradikalek ziotenaren kontra, eta hori izan da alderdi-biko babesa lortu eta araua aurrera ateratzeko gakoa. 

Horrela, gehiengo errepublikanoa duen Ordezkarien Ganberak norabidea aldatu du. Legeak aldeko 334 boto lortu ditu, 209 biltzarkide demokratenak eta 125 errepublikanoenak. 91 errepublikanok kontra bozkatu dute, horietako asko Donald Trump presidente ohiaren kidekoen taldekoak, eta McCarthyren izaera "moderatuegiarekin"  konforme ez daudenak. 

Orain Joe Biden presidenteak sinatuko duen legeak ez du aurreikusten Ukrainari laguntzen jarraitzea, baina Chuck Summer Goi Ganberako gehiengo demokrataren buruak eta Mitch McConnell buruzagi errepublikanoak "borrokan" jarraitzea adostu dute,  behin betiko aurrekontuek Kievera bideratzeko laguntzak jaso ditzaten.

Bidenek pozik hartu du erabakia, eta ziurtatu du "beharrezkoa ez zen krisi bat" eta "milioika estatubatuarri beharrezkoa ez zen mina eragitea" saihestu dela. Etxe Zuriak argitaratutako ohar baten arabera, legeak "zerbitzu aktiboan dauden tropei ordaintzen jarraitzea ahalbidetuko du, aireportuetan atzerapenak saihestuko dira, eta milioika emakumek eta haurrek nutrizio-laguntza jasotzeko aukera izaten jarraituko dute. Hauek berri onak dira estatubatuarrentzat ".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden