Mundua -

GRANADAKO GOI-BILERA

EBren zabaltzeaz eztabaidatuko dute gaur europar agintariek Granadako goi-bileran

Batzarretik ateratako ondorioak 2024-2029 legealdirako agenda estrategikoan jasotzea da asmoa. Datorren urteko hauteskunde europarren ostean abiatu nahi dute prozesu berria.

EBko agintariak, atzoko goi-bileran. Argazkia: EFE
EBko agintariak, atzoko goi-bileran.
EBko agintariak, atzoko goi-bileran. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Europako Erkidego Politikoaren goi-bilera hartu ondoren, gaur Europar Kontseiluaren Batzarra egingo da Granadan (Espainia), eta, besteak beste, EBren zabaltzeaz, migrazioaz eta Europaren autonomia estrategikoaz eztabaidatuko dute 27ek.

Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak uste du gaurko goi-bilerak "garrantzia berezia" duela, "kide gehiagotara" zabalduko den EBren "etorkizuna marrazten" hasteko eta "lehentasunak" ezartzeko atea zabalduko duelako.  "Garrantzia berezia du bilera honek: EBk egun dituen gai nagusiei buruzko elkarrizketa abiarazteaz gain, etorkizuneko lehentasunei buruzko gogoeta prozesu garrantzitsu bati hasiera emango zaio", zioen Michelek, goi-bilerako parte-hartzaileei igorri zien gonbidapen gutunean.

Gaurko eztabaidatik ondorio jakin batzuk ateratzea da asmoa, eta ondoren, horiek datorren urteko hauteskunde europarren ondoren abiatuko den legealdi berriko agenda estrategikoan jasotzea.

Hori dela eta, Michelen hitzetan, "ingurune geopolitiko aldakor honetan", etorkizuneko erronkak zeintzuk diren identifikatzea da Granadako goi-bileraren helburu nagusienetakoa. Hala, EBren balizko zabaltzeak egungo kideentzat zein berrientzat izango lituzkeen ondorioak argi eta garbi zehaztea nahiko luke goi-kargudun europarrak.

Atzoko batzarrean, bakea, segurtasuna, energia krisia eta mugikortasuna izan zituzten hizpide. Zalantzarik gabe, eguneko protagonistetako bat Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea izan zen. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak gonbidatuta hartu zuen parte agintari ukrainarrak, eta "Europaren batasuna babestea" eskatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Volodimir Zelenski Europako Parlamentua