Mundua -
AEB
Hilda aurkitu dute Maineko sarraskiaren ustezko egilea
Baso batean aurkitu dute gorpua, 18 pertsona tirokatuta hil zituen lekutik 13 kilometrora, eta bere buruaz beste egin duela dirudi.
Agentziak | EITB Media
Hilda aurkitu dute asteazkenean Lewistonen (Maine, AEB) izan zen sarraskiaren ustezko egilea. 18 pertsona hil zituen tiroka, eta buruan tiro bat duela aurkitu dute hilotza.
Sarraskia egin zuen lekutik 13 kilometrora dagoen baso batean topatu dute gorpua, lan egiten zuen birziklapen zentro batetik gertu, eta asteazkenean zeraman arropa bera jantzita zuela.
Janet Mills Maineko gobernadoreak lasaitasun mezua zabaldu du "Card jada ez delako mehatxu bat inorentzat", eta jakinarazi du segurtasun indarrak "ikerketa sakona" egiten ari direla "tragedia" hori "argitzeko" eta biktimei eta senideei azalpen bat emateko.
Hain zuzen ere, ostiralean altxatu dute Maineko agintariek Lewistongo herritarrei etxean geratzeko eman zien aholkua, baina susmagarria bilatzeko lanetan ari ziren bitartean "adi" egon zitezela ere eskatu zieten.
Mainekoa ere zenbatuta, dagoeneko honelako 565 sarraski izan dira aurten AEBn, Gun Violence Archive irabazi-asmorik gabeko erakundeak zabaldu duenez.