Mundua -
Kogi estatuan
16 lagun hil dira Nigeriako eliza baten aurkako atentatu berri batean
Eliza kristau batean egiten ari ziren mezan, argindarra kendu eta bereizi gabe, hamar lagun inguru tiroka hasi ziren.
Erredakzioa
Gutxienez 16 lagun hil dira eta beste bederatzi zauritu dira bart, Nigeriako eliza batean, Okene herrian, Kogi estatuan, gertatu den atentatu batean.
Nigeriako albisteen agentziak adierazi duenez, 15 lagun unean bertan hil ziren eta bestea ospitalera bidean hil zen.
Erasotzaileak autobusean iritsi omen ziren Okeneko eliza kristaura. Bertako argindarra kendu, sarrerak blokeatu eta bereizi gabe tiroka hasi ziren. Tiroketak 20 minutu iraun zituen.
Inork ez du atentatu bere gain hartu, baina Boko Haram islamiar sekta izan dela uste dute, izan ere, azken hilabeteetan kristauen aurkako hilketa ugari egin dituzte. Boko Haramek "islamiar hezkuntza bekatua da" esan nahi du eta Nigerian lege islamikoa jartzearen alde borrokatzen du. Herrialdean, iparraldeko biztanleak batik bat musulmanak dira; hegoaldekoak, ordea, kristauak.
150 milioi biztanle bizi dira Nigerian 200 tribu-talde baino gehiagotan. Afrikako herrialde jendetsuena da eta tentsio asko egon ohi dira politikak eta erlijioak eraginda.