Mundua -

Argentina

Milei, Argentinaren "gainbeheraren amaiera" iragarri duen presidentea

Argentinako politikaren "saltsan" aldaketa ekarri zuen "outsider"-a dela diote batzuek. Haren diskurtso iraultzailea lerroburu nagusietara heldu da azkenaldian, baina gizartearen gaitzespena saihestu nahian-edo, hasiera bateko proposamenak "leundu" ditu denborarekin.

Javier Milei, Argentinako presidente berria. Argazkia: EFE
Javier Milei, Argentinako presidente berria
Javier Milei, Argentinako presidente berria. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldaketarik bortitzena aukeratu du Argentinak, hautestontzietan Javier Milei ultraeskuindarraren alde eginda. Abenduaren 10etik aurrera, presidente izango da Milei, Sergio Massari hamaika puntuko aldea atera baitio bozketan, botoen % 55,69 jasota (Massak % 44,30 jaso ditu).

Argentinako politikaren "saltsan" aldaketa ekarri zuen "outsider"-a dela diote batzuek. Haren diskurtso iraultzailea lerroburu nagusietara heldu da azkenaldian, baina gizartearen gaitzespena saihestu nahian-edo, hasiera bateko proposamenak "leundu" ditu denborarekin. 

Aldaketa ez da erraza izango, Fernandezen eta Massaren kudeaketak jasotako kritikak eta herrialdeak bizi duen egoera sozioekonomiko larria gorabehera, bien arteko tirabirak ardaztu baitzuen atzoko hauteskunde gaua.

Nor da Milei

Buenos Airesen jaio zen 1970eko urrian. Ekonomialaria, politikaria eta irakaslea da La Libertad Avanza alderdiko burua. Muturreko jarrera polemikoak erakutsi izan ditu beti. Besteak beste, abortuaren legearen kontra egin du (sexu abusu kasuetan baita), ikastetxeetan sexu hezkuntza integral bat ematearen aurka azaldu da, armak aldean eramateko askatasunaren alde agertu da, marxismo kulturalaren teoria zabaldu nahi izan du, berotze globala existitzen denik ukatu du, txertaketaren eta koarentenaren aurka agertu zen covid garaietan eta Argentinan Estatu terrorismoa dagoenik ukatu du.

Politika eta ekonomia liburuak idatzi ditu. Oihartzun publikoa lortu zuen telebista saioetan hainbat eztabaidatan parte hartu ostean. Izan ere, "aurkariak" iraintzen zituen, eta ideiak azaleratzeko orduan jarrera oldarkorra erakusten zuen.

2021az geroztik Buenos Airesko Hiri Autonomoko diputatu nazional gisa jardun du, urte horretako hauteskunde legegileetan hautatu baitzuten. Orduan erabaki zuen Mileik politikari gisa bere ibilbidea hastea. 2023ko presidentetzarako hauteskundeei begira, hautagai gisa aurkeztu zen, primarioetan boto baliodunen % 29,86ko babesa lortuz.

Horrela, lortutako emaitzak lehen garaipena eman zion hauteskundeetan eta herrialde osoan eta hogeita lau hauteskunde-barrutietatik hamaseitan boto gehien lortu zituen.

Handik egun gutxira, hauteskunde presidentzialen lehen itzulian, Mileik lortutako abantaila galdu zuen eta Aberriaren Aldeko Batasuneko hautagai peronista Sergio Massak garaitu zuen, primarioetan irabazi zituen hamasei barrutietatik sei galduz.

Atzo, 2023ko azaroaren 19an, Argentinako presidente izendatu zuten 2023-2027 aldirako; kargua abenduaren 10ean hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Argentina Hauteskundeak Ultraeskuineko alderdi politikoak