Mundua -
Homizidioa egotzita
Bukatu da 'Txinako Jackie Kennedy'ren aurkako epaiketa mediatikoa
Emakumea Txinako politikari ospetsuenetako baten emaztea da, eta enpresaburu britainiar bat hiltzea egotzi diote.
Erredakzioa
Gu Kailai, Bo Xilai Txinako politikari ospetsuenetako baten emaztea, epaitu egin dute gaur Hefei hirian (Txinako ekialdea), enpresaburu britainiar bat hiltzea egotzita, baina oraingoz ez dute jakinarazi epaia.
Epaiketak ikusmin handia piztu du, auzia azken hamarkadan herrialde horretako goi-politikarien artean jazotako eskandalu handiena sortu baitu.
Saioa ateak itxita egin dute, baina Erresuma Batuko bi diplomaziari sartu ahal izan dira.
Txinan, akusatuen % 98 errudun jotzen dituzte epaiketetan. Gainera, Xinhua albiste agentzia ofizialak adierazi du Gu Kailairen aurkako frogak "ukaezinak" direla. Horrenbestez, emakumezkoa errudun joko dutela inork gutxik jartzen du zalantzan.
Adituen ustez, seguru aski heriotza zigorra ezarriko diote, baina ondoren barkatu egingo diote. Izan ere, herrialde horretan legezkoa da heriotza zigorra barkatzea, betiere presoak portaera ona izan duela ebazten badute.
Urrian, Txinako Alderdi Komunistak goi-kargudun berriak izendatuko ditu, eta enpresaburu britainiarraren hilketa jazo baino lehen, Bo Xilai kide berrietako bat izango dela segurutzat ematen zen.