Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Pentagonoko Defentsa idazkaria isilpean ospitaleratzeak gardentasunari buruzko polemika piztu du AEBn
Duela hilabete inguru, minbizia atzeman zioten Lloyd Austin Defentsa idazkariari, eta ospitalean egon da. Joe Biden AEBko presidenteak atzo arte ez zuen horren berri izan. Gardentasun ezari buruzko kritikak bata bestearen atzetik iritsi dira Etxe Zurira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pentagonoak —Estatu Batuetako Defentsa Departamentuaren egoitza nagusiak— gardentasuna hobetzeko barne ikerketa bat egitea agindu du, Lloyd Austin Defentsa idazkaria isilpean eta Etxe Zurian ofizialki jakinarazi gabe ospitaleratzeak sortutako polemikaren ondoren. Austinek azken hilabetean bere ardurak zeinen esku utzi dituen eta eginkizunak nola bete dituen argitzea ere eskatuko da.
Duela hilabete inguru, prostata-minbizia atzeman zioten Defentsa idazkari estatubatuarrari, eta ospitalean egon da. Antza, ebakuntza egin zioten eta ondoren zaintza intentsiboen unitatean egon zen ingresatuta. Joe Biden AEBko presidenteak atzo arte ez zuen horren berri izan.
Hori dela eta, gardentasun ezari buruzko kritikak bata bestearen atzetik iritsi dira Etxe Zurira. Austinek berak ohar bat kaleratu zuen urtarrilaren 6an, gertatutakoaren ardura bere gain hartuz.
Agertoki horren aurrean, Bidenen gobernuak protokoloak berrikustea agindu eta berehalako neurriak hartzea agindu du. Pat Ryder Pentagonoko eledunak atzo egindako agerraldian azaldu zuenez, 30 bat egun iraungo du abian jarri duten ikerketa-prozesuak.