Mundua -
Sententzia baten arabera
Tabako pakete guztiak berdinak izan beharko dira Australian
Tabakoaren industriaren aldetik, British American Tobacco oso desengainatuta agertu da epaileak hartutako erabakiarekin.
Erredakzioa
Australiako Auzitegi Gorenak tabako konpainiek Gobernuak tabako paketeen disueinua homogeneizatzeko hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoak baztertu ditu, pakete generikoen legeak Australiako Konstituzioa urratzen ez duela erabaki ostean.
Pakete generikoak aurtengo abenduaren batean jarriko dira martxan, eta tabakoaren industriako arduradunek logotipoak, markaren irudia, koloreak eta promozio-testuak kendu beharko dituzte. Momentu horretatik aurrera, gainera, produktuek kolore, posizio eta letra bera izan beharko dute.
Australiako Fiskaltzak eta Osasun Ministerioak batera kaleratutako komunikatu batean “tabakoarekin erlazionatutako gaixotasun baten ondorioz hil diren pertsonen familientzako garaipen bat” dela ziurtatu dute.
Tabakoaren industriaren kritikak
Tabakoaren industriaren aldetik, British American Tobacco oso desengainatuta agertu da epaileak hartutako erabakiarekin, eta australiar legedia txarra izateaz gain, hurrengo urteetan ustekabeko ondorioak izango dituela konbentzituta daude. Antzerako ideiarekin agertu da Chris Argent Philip Morris Limited-eko ordezkaria, baina oraindik tribunalaren sententzia osoa irakurtzea espero du, orain arte kaleratu dena epaia soilik izan delako.