Mundua -
Hegoafrikan
300 bala-zorro aurkitu dituzte 34 meatzariak hil zituzten lekuan
Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak astebeteko dolua ezarri du, igande honetan hasita.
Erredakzioa
Hegoafrikako Poliziako Ikerketa Independentearen Zuzendaritzak (IPID, ingelesez) 300 bala-zorro inguru aurkitu ditu 34 meatzari tirokatu eta hil zituen lekuan, hedabideen arabera.
Sunday Tribune astekariak zabaldu duenez, IPIDeko ikertzaileek, 300 bala-zorroez gain, 45 arma ere dituzte, ustez sarraskian erabilitakoak, arrazakerian oinarritutako erregimenaz geroztik izandako indarkeria-gertaera larrienean.
Sunday Tribunen arabera, 43 polizia aritu dira larunbat gauean hilketen esparrua miatzen, ahalik eta froga gehien biltzeko.
"Momentura arte, 300 bala eta 45 arma aurkitu ditugu. Guztiak zigilatu egin ditugu balistika probak egiteko" esan du Poliziaren bozeramaile anonimo batek.
Astebeteko dolua
Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak astebeteko dolua ezarri du, igande honetan hasita.
"Banderak haga erdian jarriko ditugu Hegoafrikako leku guztietan eta atzerrian dauden misioetan, abuztuaren 20tik 26ra", iragarri dute adierazpen ofizial batean.