Mundua -

PRIMARIOAK

Trump hautagai errepublikano izatear dago Hego Karolinan irabazita, Haleyk porrot mingarria jaso duen egunean

Iowan eta New Hampshiren ere garaile, Trumpek 113 ordezkari ditu, eta Haleyk, 17. Martxoaren 5ean izango da 'superasteartea', 16 estatutan 800 ordezkari banatuko dituena.

Trump Hego Karolinan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Trump Hego Karolinan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Trump Hego Karolinan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente ohiak garaipen garrantzitsua lortu du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan, Nikki Haleyri bere etxean, Hego Karolinan, irabazita. Haley estatu horretan jaioa da, eta bertako gobernadore izan zen 2011tik 2017ra.

Emaitza horiek ia bermatu egiten dute Joe Bidenen eta Donald Trumpen 2020ko lehiaren errepikapena, baina Haleyk oraindik ez du etsi nahi izan.

Trumpek ia konderri guztietan irabazi du, hiri nagusietan (Columbia hiriburua eta Charleston) izan ezik. Bambergen ere, Haleyren jaioterrian, garaipena Trumpek eskuratu du.

Hori horrela, botoen % 60 inguru lortu du Trumpek. Gainera, estatu horretan garaileak ordezkari guztiak eskuratzen ditu, hau da, 50 ordezkari gehiago izango ditu Trumpek, uztailaren 15ean errepublikanoen hautagaia ofizialki aukeratzeko bozketari begira.

Trumpek ez du Haley azpiratu nahi izan garaipenaren berri izan ostean egindako agerraldian, eta ez du bere izena aipatu ere egin. Hego Karolinako herritarrei eskerrak ematera mugatu da.

Haleyk sare sozialetan jakinarazi du porrota jaso arren ez duela etsiko, "hitzeko" pertsona delako eta hautesleei "Biden Trumpen aurka" ez den beste aukera bat emateko "beharra" sentitzen duelako.

'Superasteartea'ren zain

Trumpek Iowan eta New Hampshiren ere irabazi ditu primarioak, eta Haleyk inon ere ez. Nevadan Trump ez zen aurkeztu, baina hautesle gehiagok markatu zuen "hautagai hauetako bat ere ez" aukera Haleyrena baino.

Gaurdaino, Trumpek 63 ordezkari zituen, eta Haleyk 17. Gaurtik aurrera, berriz, 113 izango ditu presidente ohiak, baina ez dira asko Errepublikanoen Biltzarrean 2.429k bozkatuko dutela kontuan izanda.

Gainera, aste bi barru, martxoaren 5ean, izango den 'superasteartea'n 800 ordezkari banatuko dira 16 estatutan zehar.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak