Mundua -

Errusia

Agur labur bezain jendetsua jaso du Aleksei Navalnik Moskun, segurtasun neurri zorrotzekin egin den hiletan

Navalniren aldeko beilatokiak ordu erdi pasatxo iraun du, eta tenpluaren inguruan bilduta zeuden opositorearen milaka jarraitzaileak ezin izan dira sartu hari azken agurra ematera. Borisovoko hilerrian lurperatu dute.

Milaka jarraitzaile bildu dira eliza inguruan. EFE.
Milaka jarraitzaile bildu dira eliza inguruan. EFE.
Milaka lagunek Alexei Navalni agurtu dute Moskun

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aleksei Navalni Errusiako oposizioko buruari lur eman diote dagoeneko Moskuko Borisovoko hilerrian.

Duela bi aste espetxean hil zen Errusiako oposizioko buruaren gorpua zeraman hilkutxa eguerdian iritsi da Moskuko Mariino auzoko elizara, azken agurra emateko. 

Hilkutxa iritsi denean, elizaren aurrean bildutako politikariaren milaka jarraitzaileek txaloka hartu, eta haren izena oihukatu dute. "Zu ez zinen beldur, eta gu ere ez", oihukatu dute askok.

Navalnik maiz erabiltzen zuen mezu hori, bidegabekerien aurrean beldurrik izan ez zezaten eskatzeko bere jarraitzaileei. 

Eguerdia pasatuta zela hasi da hileta-elizkizuna, eta hilbeilak ordu erdi eskas iraun du. 

Hilbeila horren laburra izanik, tenpluaren inguruan bildutako milaka herritarrak ezin izan dira Navalniren aurretik pasatu hari azken agurra ematera, eta hilkutxa atera denean loreak bota dizkiote hilkutxa zeraman autoa pasatzean eta haren atzetik abiatu dira, Borosivorantz. Manifestazio itxura hartu du hilerrirainoko ibilbideak, askok eta askok altxatu egin baitituzte eskuetan zeramatzaten loreak, Navalniren hilobian jartzeko asmotan. 

"Errusia libre izango da", "Putin gabeko Errusia", "Navalni", "Liosha (Alekseiren txikigarria), zurekin gaude" eta abar oihukatu dute jarraitzaileek hilerrira bidean. 

Bertan bildutakoek barkamena eskatu diete Navalniren gurasoei, elizatik atera direnean. 

Gorpuari lur eman diotenean, Frank Sinatraren "My Way" abestia entzun da hilerrian, Navalniren abesti kuttunetako bat, hiletaren zuzeneko emankizunean azaldu dutenez. 

Politikariaren agurra zaintza- eta segurtasun-dispositibo zorrotz artean egin dute, zaintza-kamerak eta Interneteko eta telefonia mugikorreko seinale-inhibitzaileak tartean zirela. 

Oztopoak azken unera arte

Navalniren amak, Liudmila Ivanovnak, joan den astean salatu zuen astebete baino gehiago zeramala semearen gorpua noiz jasoko zain, Errusiako agintariek ez ziotelako ematen.

Halaber, Navalniren gertukoek egunak zeramatzaten salatzen hileta egiteko eta gorpua lurperatzeko oztopoak baino ez dituztela jaso. Aurrena, ehorztetxe guztiek uko egin zioten hiletaren ingurukoak antolatzeari. Ondoren, aukeratutako egunean (otsailaren 29an) "lurperatzaile bakar bat ere ez" izatea salatu zuten. Navalniren gertukoen ustez, Errusiako Gobernuak ez zuen egun horretan egiterik nahi, Putinek estatuaren egoerari buruzko hitzaldia zuelako.

Gaur goizean bertan, hiletaren egunean, arazoak izan dituzte gorpua elizaraino eramateko. 

Navalniren gertukoek gaur goizean jakinarazi dutenez, oposizioko kidearen senideak 10:00etan iritsi dira gorputegira politikariaren gorpua jasotzera, baina lehen saiakeran ukatu egin diete. Bigarrenean bai eman diete gorpua senideei, ia 11:00ak zirenean. "Gorpua ez dute entregatu orain arte", idatzi du Kira Yarmish Navalniren bozeramaileak X sarean, eta hiletaren ordutegia mantentzen zela baina "atzerapenak" egon zitezkeela ohartarazi du.

Geroago, Yarmishek beste mezu bat argitaratu du, Navalniren gorpua zeraman hileta-autoa elizara bidean zela esanez.

Bitartean, Kremlinek ostiral honetan "gogorarazi" du Errusiako legeek zigorrak aurreikusten dituztela agintariek aldez aurretik baimendu ez dituzten manifestazioetan parte hartzegatik.

Kremlinek presio eta oztopoak ukatu ditu. "Guk ez dugu horrekin zerikusirik. Kremlinek ezin du presiorik egin. Navalniren gertukoen beste lelokeria bat baino ez da", esan du Dmitri Peskov Putinen bozeramaileak. 

Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo egin zuen hitzaldia Errusiako Parlamentuan. Ohartarazi zuenez, NATOk Ukrainara soldaduak bidaltzeak gerra nuklearra eragin lezake. 

Putinek NATOri ohartarazi dio tropak Ukrainara bidaltzearen ondorioak ''tragikoak'' izango liratekeela
Putinek NATOri ohartarazi dio tropak Ukrainara bidaltzearen ondorioak ''tragikoak'' izango liratekeela
Putinek NATOri ohartarazi dio tropak Ukrainara bidaltzearen ondorioak ''tragikoak'' izango liratekeela

0:41

Atxiloketen beldur zen Navalniren alarguna

Hain justu, Julia Navalnaia Navalniren alarguna Europako Parlamentuan izan zen asteazkenean. Bertan adierazi zuenez, senarraren gorpua "hondatuta" zegoen, eta hiru urtez Putinen aginduz torturatu egin dutela salatu zuen. 

Hiletari buruz, ohartarazi zuen bertaratuko ziren pertsonak atxilotzeko agindua eman zezaketela Errusiako agintariek. Azkenean ez da halakorik gertatu. 

Egunen batean Putinek "Errusiari, Ukrainari eta Nalvaniri berari egindakoagatik erantzun" beharko duela gaineratu zuen.

Errusiako segurtasun indarrek gutxienez 56 pertsona atxilotu dituzte, tartean bi adingabe, Moskuko hiletan.

Atxilotuen jarraipena egiten espezializatutako OVD-Info gobernuz kanpoko erakundearen arabera, atxiloketak Errusiako hiriburuan egin dituzte, baita Novosibirsk, Voronezh, Nizhnevartovsk, Kazan, Tomsk, Zlatoust eta Sotxi hirietan ere, besteak beste.

Navalnaya, Europako Ganberan. EFE

Navalnaya, Europako Ganberan. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mosku Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur Europako Parlamentua