Mundua -
Ezbeharra
Zortzi urteko haur bat bizirik atera da Hegoafrikan 45 hildako eragin dituen autobus istriputik
Ostegun goizean jazo zen ezbeharra. Antza denez, autobus gidariak ibilgailuaren kontrola galdu zuen Mmamatlakalako zubian, Limpopo eskualdean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hegoafrikako agintariek baieztatu dutenez, 45 pertsona zendu ziren autobus istripuan, malkar batetik amilduta, ostegun goizean, herrialdearen iparraldean. Iturri horien arabera, zortzi urteko haur bat soilik atera da bizirik ezbeharretik.
"Doluminak eman nahi dizkiet biktima guztien senitartekoei. Gure pentsamenduak eta errezoak haiekin daude une zail honetan", esan du Garraio ministro Sindisiwe Chikungak bart tokiko komunikabideei egindako adierazpenetan.
Lehenago, hedabideek istripuari buruzko informazioa zabaldu zuten, baina biktimen kopurua zehaztu gabe.
Esan bezala, ostegun goizean jazo zen ezbeharra. Antza denez, autobus gidariak ibilgailuaren kontrola galdu zuen Mmamatlakalako zubian, Limpopo eskualdean.
Amildu zenean, su hartu zuen, eta hainbat bidaiari kiskalduta hil ziren.