Mundua -
Gatazka diplomatikoa
Amerikako Estatuen Erakundeak premiazko bi bilera deitu ditu asteon, Mexiko eta Ekuadorren arteko krisiagatik
Mexikok Ekuadorrekin harreman diplomatikoak eten ditu, Jorge Glas Espinel Ekuadorko presidenteorde ohia Mexikok Kiton duen enbaxadan atxilotua izan ostean.
Agentziak | EiTB Media
Ameriketako Estatuen Erakundeak (AEE) premiazko bi bilera deitu ditu aste honetan, hilaren 9an eta 10ean, Ekuadorren eta Mexikoren artean sortutako krisi diplomatikoa jorratzeko. Izan ere, asteburuan Ekuadorko poliziak indarrez sartu ziren Mexikoren enbaxadan, eta bertan aterpe hartuta zegoen Jorge Glas Espinel Ekuadorko presidenteorde ohia atxilotu zuten. Ondorioz, Mexikok harreman diplomatikoak eten ditu Ekuadorrekin.
Iragan ostiralean, Mexikok asilo politikoa eman zion Jorge Glas Espinel Ekuadorko presidenteorde ohiari eta asteburuan Quitotik ateratzeko asmoa zuen.
Ekuadorrek Ameriketako Estatuen Erakundearen kontseilu iraunkorraren bilera deitu du astearterako, eta Kolonbiak eta Boliviak gauza bera egin dute asteazkenerako.
Astearteko bilera Washingtongo egoitzan egingo da, Euskal Herrian 21:00ak direnean, eta "Harreman diplomatikoen eta asiloaren arauak" hizpide izango dituzte.
Asteazkeneko hitzorduan, berriz, harreman diplomatikoei buruzko Vienako Konbentzioaz eta diplomatiko mexikarrek pairatutako lesioez arituko dira.
Ekuadorko poliziak Mexikoko enbaxadan sartu izana argi eta garbi arbuiatu du Luis Almagro Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak, eta, oro har, diplomazialarien bortxaezintasuna "arriskuan jartzen duen edozein ekintza".