Mundua -
EUROBAROMETROA
Europarren % 71k ekaineko hauteskundeetan botoa emateko asmoa agertu dute, 2019an baino 10 puntu gehiago
Hein handi batean, egoera geopolitiko nahasia legoke herritarrek Europako hauteskundeekiko azaldu duten interesaren atzean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Parlamentuak ekainaren 9ko hauteskundeen aurretik egin duen azken Eurobarometroaren emaitzak kaleratu ditu gaur, eta ondorioetako bat ondorengoa da: bozak datorren astean egingo balira, herritarren % 71 botoa ematera joango litzateke ziurrenik, 2019ko boto-asmoarekin alderatuta, % 10 gehiago.
Estatu espainiarreko herritarren kasuan, galdeketan parte hartu dutenen % 58k hauteskundeekiko interes handia agertu du, eta % 70k esan du botoa emango duela (orain 5 urte baino 19 puntu gehiago). Halaber, inkestan parte hartu dutenen hamarretik zortzik uste du egoera geopolitikoa aintzat hartuta, botoa ematea are garrantzitsuagoa dela.
Inkestaren datuak aurkezteko Bruselan egin duen agerraldian, Jaume Duch Europako Parlamentuko Komunikazio zuzendariak eta eledunak esan du ekaineko bozetan parte-hartzea aurreko hitzorduetan baino handiago izango dela erakusten dutela datuok. "Nolanahi ere, jakin badakigu benetako parte-hartzea inkestetako boto-asmoa baino baxuagoa izan ohi dela", erantsi du. 2019ko Europako hauteskundeetan parte-hartzea % 50,7koa izan zen.
Bestalde, herritarren ia erdiak (% 47k) Europar Batasunari buruz duen irudia "oso positiboa" da, eta % 36k, berriz, "neutrala". Irudi "negatiboa" dutenak, berriz, % 17 dira.
Hein handi batean, Ukrainan eta Gazan egiten ari diren inbasioek nazioartean eragin duten egoera kezkagarria legoke herritarrek Europako hauteskundeekiko azaldu duten interesaren atzean. % 81en iritzian, agertoki honetan garrantzitsuagoa da botoa ematea.