Mundua -

AEB

Fiskala, Trumpen aurka: "Auzi hau konspirazio kriminal eta estalketa batean datza"

"Akusatuak plan kriminal bat antolatu zuen 2016ko hauteskundeak iraultzeko, eta gero plana estali zuen", adierazi du Matthew Colangelo fiskalaren ondokoak,e paiketaren hasieran. Todd Blanche abokatuak, aldiz, ziurtatu du Trump "errugabea" dela eta "demokraziaren" babespean jardun zuela.

Trump, abokatuarekin. Argazkia: EFE
Trump, abokatuarekin. Argazkia: EFE
Trumpek bere kontrako epaiketaren hasierako alegatuen faseari aurre egingo dio New Yorken

0:40

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matthew Colangelo fiskalaren ondokoak Donald Trump AEBko presidente ohiaren aurka egin du epaiketaren hasieran, eta auzia "konspirazio kriminala eta estalketa" bat izan zela esan du. Manhattaneko auzitegian, epaiketa penalean, akusazioaren hasierako adierazpenak egin ditu gaur.

"Akusatuak plan kriminal bat antolatu zuen 2016ko hauteskundeak iraultzeko, eta gero plana estali zuen, erregistro komertzialetan gezurra esanez, behin eta berriz", gaineratu du Colangelok, AEBko presidente ohiak (2017-2021) buruarekin ukatu eta aurpegira ez begiratzea erabakitzen zuen bitartean.

AEBko presidente ohiaren defentsak, aldiz, ziurtatu du bere bezeroa "errugabea" dela eta "demokraziaren" babespean jardun zuela.

"Spoiler alerta bat dut: ez dago ezer txarrik hauteskundeetan eragitean. Demokrazia du izena, nahiz eta zenbaitek txartzat jotzen saiatu", adierazi du Todd Blanche abokatuak.

Blancheren ahotan, 2017ra arte Trumpentzat lan egin zuen Michael Cohen abokatu ohiari emandako dirua, 420.000 dolar, bere "zerbitzu" legalak ordaintzeko izan zen, eta ez Fiskaltzak esan bezala, agintari ohiari kalte egin ziezaiokeen informazioa ezkutatzeko plan bat antolatzearen truke.

Modu horretan hasi da Donald Trump AEBko presidente ohiaren aurka, eroskeria leporatuta, New Yorken egingo dioten epaiketa, iragan ostiralean epaimahaiaren eta ordezkoen aukeraketa amaitu ostean.

Juan Merchan da auzia daraman epailea, eta ostegunean aukeratu zituen epaimahaia osatuko duten hamabi magistratuak, gaur epaiketari ekiteko.

Stephanie Clifford porno izarrari isilik egon zedin 130.000 dolar ordaintzea leporatzen diote Trumpi, eta horretarako dokumentuak faltsutzea. 2016ko hauteskundeen aurretik izandako harremanei buruz Cliffordek ezer ez esatea zen agintariaren helburua.

Trumpen defentsak epaiketa gelditzea eta beste nonbaitera eramatea eskatu zuen, baina apelazio auzitegiko epaileak ez zuen eskaera onartu.

Fiskaltzak 34 delitu egozten dizkio AEBko presidente ohiari Danielsen isiltasuna erosteko egindako ordainketa ezkutatzeko dokumentuak faltsutzeagatik. Izan ere, gastu legalen artean sartu zuen ordainketa hura.

Hau ez da Trumpek aurre egin beharko dion epaiketa bakarra, eta, besteak beste, 2020ko hauteskundeen emaitzak atzera botatzen saiatzeagatik auzi federal bat dute bere kontra.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump