Mundua -

Sare sozialak

Tiktokek bertan behera utzi du Lite bertsioaren sari programa, Europako Batzordeak galdegin bezala

AEBn, sare soziala saltzera behartzen duen legea auzitara eramango duela iragarri du konpainia txinatarrak. Argudiatu duenez, balizko debekuak AEBko zazpi milioi enpresaren "txikizioa" ekarriko luke eta 170 milioi erabiltzaile "isilarazi".

Tiktoken kartel bat, Los Angelesen (AEB). Argazkia: EFE
Tiktoken kartel bat, Los Angelesen (AEB).
Tiktoken kartel bat, Los Angelesen (AEB). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tiktok sare sozialak bertan behera utzi du, behin-behinean, Lite bertsioan Espainian eta Frantzian martxan jarritako sari programa, Europako Batzordeak isunekin mehatxu egin ostean. Bruselaren arabera, konpainia txinarrak ez du EBren zerbitzu digitalen legeak galdegindako arriskuen txostena aurkeztu, eta Literen sari programak adikzioa sor lezake gazteenen artean.  

"Europako Batzordearekin modu eraikitzailean lan egiteko prest dago beti TikTok. Hori horrela, bertan behera utzi dugu sarien programa, eskatu dizkiguten argibideak biltzen ditugun artean", iragarri du sare sozialak X-n (lehen, Twitter). 

Bideoak ikusi edo publikatzeagatik eta eduki sortzaileen edo lagunen profilak jarraitzeagatik puntuak eskuratzeko aukera ematen zien erabiltzaileei TikTok Lite bertsioak. Puntuok online dendetan erosketak egiteko erabili ahal ziren. Bruselak uste du programak adikzioa sorrarazi dezakeela, batez ere adingabeen artean. 

Europako Batzordearen arabera, Lite bertsioa kaleratu baino lehen arriskuen txostena aurkeztu behar zion ByteDance konpainiak (Tiktoken jabea). Hori egiteko asteartera arteko epea eman zion Bruselak, eta egin ezean, urteko fakturazioaren % 1aren edo mundu mailako diru-sarreren % 5aren pareko isunak ezarriko zizkiola iragarri. 

Thierry Breton Barne Merkaturako Europako komisarioa pozik agertu da Tiktoken erabakiarekin, eta azpimarratu du gertutik jarraituko dutela auzia. "Gure haurrak ez dira akuriak edo probetarako animaliak", gaineratu du. 

Beste borroka bat AEBn

Ameriketako Estatu Batuetan ere ika-mikak ditu Tiktokek bertako gobernuarekin. Izan ere, Kongresuak legea onartu berri du sare soziala beste enpresa bati saltzera derrigortzen duena. 

ByteDancek 270 egun ditu "atzerriko etsaia" ez den inbertsore bat topatzeko eta sare soziala haren esku uzteko. Bestela, debekatuta izango du jarduna. 

Enpresa txinatarrak iragarri du auzitara joko duela. "Legea konstituzioaren kontrakoa da, eta Tiktok debekatzea du helburu. Uste dugu legea eta argudioak alde ditugula, eta irabaziko duela", azaldu du Tiktokek ohar batean. 

Defendatu duenez, "milioika euro inbertitu ditugu datuak babesteko, eta kanpoko influentzia eta manipulazioetatik libre dago".

Balizko debeku batek AEBko zazpi milioi enpresarentzat "txikizioa" ekarriko luke, eta sare sozialak AEBn dituen 170 milioi erabiltzaileak "isilarazi". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina Europa Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak TikTok