Mundua -

ESLOVAKIA

Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa tirokatu dute

Eslovakiako gobernuburuari bost tiro jaurti dizkiote kalean, bere Exekutiboaren bilera baten ondoren. Ospitalean dago, "oso ebakuntza zail" bat egin diezaioten. Atentatuaren ustezko egilea atxilotu dute.

Robert Fico. Argazka: EFE
Robert Fico
Robert Fico, primer ministro de Eslovaquia, herido tras ser disparado en la calle

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa zauritu dute asteazken honetan herrialdeko Handlova hirian, Gobernuak egindako bilera baten ostean, gizon bat hura tiroz hiltzen saiatu ondoren.

Errusiaren aldeko agintari sozialdemokrata bere alderdiaren jarraitzaileekin hitz egiten ari zen, kultur zentro baten kanpoaldean, hainbat tiro jaso dituenean.

Fico ospitalera eraman dute, urgentziaz, eta egoera larrian, eta segurtasun indarrek jarraian atxilotu dute ustezko erasotzailea.

Robert Kalinak Defentsa ministroaren arabera, "bere egoera oso larria da". Lehen ministroari "oso ebakuntza zaila" egingo diote Banksa Bystricako Roosevelt ospitalean. "Denok otoitz egiten ari gara lehen ministroa onik atera dadin eta medikuntza modernoak bere lana egin dezan", esan du.

Hala, Parlamentuan egitekoa zen saioa bertan behera utzi dute.

Nazioarteko gaitzespena

Zuzana Caputova Eslovakiako presidenteak agerraldia egin du, lehen ministroak jasandako erasoa gaitzesteko, eta ohartarazi du ez dela soilik pertsona baten aurkako erasoa, baizik eta "demokraziaren aurkako erasoa".

Europar Batasuneko buruzagi nagusiek ere lehen ministroaren aurkako erasoa gaitzetsi dute.

"Irmo gaitzesten dut Robert Fico lehen ministroaren aurkako eraso zitala. Indarkeria ekintza horiek ez dute tokirik gure gizartean, eta gure demokrazia ahultzen dute", ziurtatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak "hunkituta" dagoela aitortu du. "Ezerk ezin du indarkeria edo horrelako erasoa justifikatu", adierazi du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea "izututa eta haserre" agertu da atentatuaren aurrean. "Espainia Robert Fico, bere familia eta eslovakiarrekin dago une zail hauetan. Ezerk ezin du indarkeria justifikatu", ziurtatu du.

"Hunkituta nago Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa jo duten tiroengatik. Hirmo gaitzesten dut eraso hau", adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

Petr Fiala Txekiako lehen ministroak azpimarratu du albistea "ikaragarria" dela. "Lehen ministroa lehenbailehen osatzea espero dut. Ez dugu indarkeria onartu behar, gizartean ez du tokirik izan behar", azpimarratu du.

Bestalde, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak "hilketa saiakera koldartzat" jo du gertatutakoa, eta indarkeriak ez duela lekurik izan behar Europako politikan baieztatu du.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak atentatua "krimen ikaragarria" dela esan du. "Egoera zail hau gainditzeko gai izatea espero dut", adierazi du.

Joe Biden AEBetako presidenteak ere erasoa gaitzetsi du: "Jill (Biden) eta biok laster senda dadin otoitz egiten ari gara, eta bere familiarekin eta Eslovakiako herriarekin gaude. Indarkeria ekintza hau gaitzesten dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Europa Atentatuak argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Eslovakia