Mundua -

Krisi diplomatikoa

Mileik berretsi du ez diola barkamenik eskatuko Sanchezi eta "erasotua" bera dela erantsi du

Espainiako eta Argentinako gobernuen arteko krisi diplomatikoa baretzetik urrun, presidente argentinarrak "koldarra" deitu dio Sanchezi. Are gehiago, salatu du sortutako gatazka Kichnerismoaren eta Espainiako Gobernuaren arteko estrategia partekatuaren ondorio dela.

Javier Milei Argentinako presidentea, Voxek asteburuan Madrilen antolatutako ekitaldian. EFE
Javier Milei Argentinako presidentea, Voxek asteburuan Madrilen antolatutako ekitaldian
Javier Milei Argentinako presidentea, Voxek asteburuan Madrilen antolatutako ekitaldian. EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainia eta Argentinako gobernuen arteko krisi diplomatikoa ez da baretu eta ez dauka oraingoz konpontzeko itxurarik. Argentinara itzuli berritan, Javier Milei Argentinako presidenteak berretsi du "inondik inora ere" ez diola barkamenik eskatuko Espainiako gobernuburuari, eta "erasotua" bera izan dela nabarmendu du. Halaber, Kichnerismoarekin lerrokatzea leporatu dio Espainiako Gobernuari, gatazka bien arteko estrategia partekatuaren ondorio dela iritzita. 

"Ez diot barkamenik eskatuko, inondik inora... Ni izan nintzen erasotua", adierazi du Espainiatik itzuli berritan Argentinako telebista kate bati eskaini dion elkarrizketan.

Halaber, "koldarra" izatea eta Espainiako Gobernuko emakumeen atzean "ezkutatzea" aurpegiratu dio Sanchezi, Mileiri erantzutera Yolanda Diaz Espainiako bigarren presidenteordea eta Diana Morant Zientzia ministroa atera zirelako.

Edozein kasutan, Mileik ukatu egin du Argentinaren eta Espainiaren arteko "harremanak" etengo direla, uste baitu harremanak jendeak eraikitzen dituela, ez agintariek.

Pasa den asteburuan Voxek Madrilen antolatutako ekitaldi batean, Mileik "ustela" deitu zion Begoña Gomez Espainiako gobernuburuaren emazteari, eta horrek bi gobernuen arteko gatazka diplomatikoa eragin zuen.

Hori guztia dela eta, Espainiak Buenos Airesen duen enbaxadorea kontsultara deitu zuen eta, ondoren, Argentinak Madrilen duen enbaxadorea bilera batera deitu zuen. Argentinako Gobernuak, bere aldetik, behin birritan esan du Espainiako Gobernua dela Mileiri barkamena eskatu behar diona Oscar Puente ministroak egindako adierazpen polemikoengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Ultraeskuina