Mundua -
Europaren aldeko hautua
Alderdi Liberalak irabazi ditu Holandako hauteskundeak
WD, egungo lehen ministroaren alderdia, izan da alderdi bozkatuena: 41 eserleku eskuratu ditu. Laboristek, bestalde, 39 aulki lortu dituzte.
Erredakzioa
Holandako herritarrek hitzordu garrantzitsua zuten atzo, Parlamentuko 150 ordezkariak aukeratu behar zituzten eta. Adituek iragarritako emaitzak ez ziren bete, eta alderdi liberala eta laborista izan dira garaile nagusi.
Mark Rutte Holandako lehen ministroaren alderdi liberala izan da alderdi bozkatuena hauteskundeetan. Guztira, 41 eserleku eskuratu ditu, 2010ean baino hamar gehiago. Laboristak izan dira bigarren indarra, 39 aulki bereganatuta; bederatzi aulki irabazi dituzte, aurreko hauteskundeekin alderatuta. Holandako Parlamentua 150 eserlekuz osatuta dago, eta, beraz, bi alderdi horiek gehiengoa lortuko lukete, elkartuz gero. SP alderdiko muturreko sozialistek eta PVV Geert Wilders xenofoboaren alderdiak, bestalde, hamabosna ordezkari izango dituzte aurrerantzean.
Botoen kontaketa egin ostean, Mark Rutte liberalen buruzagiak alderdiaren emaitzak goraipatu zituen, eta gobernu egonkorra osatzeko asmoa azpimarratu zuen. Gainera, emaitzek azken bi urteetan segurtasun eta immigrazio esparruetan hartu dituzten neurriekin aurrera jarraitzeko indarra ematen dietela gaineratu du. Diederik Samsom laboristen buruak gobernu egonkorra osatzeko prest dagoela aipatu du, betiere hauteskundeetako emaitzak gobernu programan islatzen badira, eta azken urteotako eskuineko politikak jarraipenik izango ez duela gaineratu du.
Geert Wilders PVV alderdiko politikaria izan zen Holandako hauteskundeetako galtzaile nagusia. Izan ere, 2010eko bozekin alderatuta, bederatzi eserleku galdu ditu, eta 15 ordezkari izango ditu Parlamentuan. Wilders buruzagiak porrota aitortu zuen, eta, begiak malkotan zituela, Europaren eta euroaren aurkako diskurtsoak porrot egin zuela adierazi zuen.
Rutte eta Samson buruzagiak krisian dauden Europa hegoaldeko herrialdeei laguntzeko prest daude, baina ikuspuntu ezberdinak dituzte euroaren krisiari dagokionez. Mark Ruttek, egungo lehen ministroak, Finlandia eta Alemaniarekin bat egiten du, eta defizitari % 3ren azpitik eutsi behar zaiola uste du. Bestalde, Samson laboristak Frantziaren diskurtsoarekin bat egiten du, eta egitura aldatu eta lanpostuen sorrera bultzatu behar dela uste du.
Holandako Gobernua osatzeko prozesuak luze joko duela iragarri dute, eta, lehen aldiz, Beatriz erreginak ez du horretan parte hartuko, Parlamentuak hala eskatuta.