Mundua -

Irlanda

14 lagun atxilotu dituzte Dublinen Benetako IRArekin lotura dutelakoan

Polizia operazioa goizaldean hasi da eta Poliziak ondorengo orduetan atxiloketa gehiago egon litezkeela azpimarratu du.

Irlandako kaleetako artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Irlandako kaleetako artxiboko irudia.
Irlandako kaleetako artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizaldean, 14 lagun atxilotu ditu Irlandako poliziak (Garda), Benetako IRA taldearekin harremana dutelakoan. Aipaturiko taldea IRA Ipar Irlandako erakunde armatuaren zatiketa bat da, eta bake prozesuaren aurka dago.

Alan Ryan, Benetako IRA taldeko kidearen hiletaren ondotik etorri dira atxiloketak. Poliziaren ustez Benetako IRA taldearen buruzagietako bat zena tiroz hil zuten, irailaren hasieran Irlandako hiriburuko hegoaldean. Alan Ryanen lur-emate ekitaldian Irlandako txoko guztietatik etorritako disidenteak elkartu ziren eta ekitaldian, aurpegia estalita zeukaten hainbat kidek airera tiro egin zuten.

Irlandako Poliziaren bozeramaile batek azaldu duenez, polizia-operazioa Irlandan goizeko bostak zirenean hasi da, Dublineko eta alboko konderrietan. Halaber, ondorengo orduetan atxiloketa gehiago egon litezkeela gaineratu du.

Benetako IRA 1998. urtean banatu zen IRAtik, Ostiral Santuko Akordioarekin eta bake prozesuarekin ados ez zegoelako. Halaber, 1998ko abuztuaren 15ean Ipar Irlandako Omagh herrian egin zuen atentatuagatik egin zen ezagun Benetako IRA taldea. Bonba-auto baten eztandaren ondorioz, 29 pertsona hil ziren eta beste 300 zauritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea