Mundua -
Jaliscon
17 hilotza aurkitu dituzte errepide baten ondoan botata, Mexikon
Sokekin eta kateekin inguratuta daude gorpuak. Su-armek eragindako zauriak dituzte baina ez daude zatikatutak, hasiera batean zabaldu den bezala. Oraindik ez dituzte hiltzaileak identifikatu.
Erredakzioa
17 lagunen gorpuak, gutxienez, aurkitu dituzte Mexikoko Guadalajara eta Morelia hirien arteko errepide-tarte batean, Jaliscoko fiskaltzak jakitera eman duenez. Tizapan udalerriko Poliziak aurkitu ditu hilotzak.
Sokekin eta kateekin inguratuta daude gorpuak. Su-armek eragindako zauriak dituzte baina ez daude zatikatutak, hasiera batean zabaldu den bezala. Hasierako ikerketen arabera, baliteke lagunak Michoacan hirian hil eta, ondoren, Jaliscora eraman izana. Oraindik ez dituzte hiltzaileak identifikatu.
Joan den maiatzean beste 18 lagunen gorpuak aurkitu zituzten, kasu honetan zatikatutak, Chapalaraino doan errepidean bertan utzitako bi kamioetan, Jaliscon. Dirudienez, "Zetak" taldekoak izan ziren errudunak.
Joan den ostiralean Tamaulipasek estatuan beste 16 hilotz aurkitu zituzten, eta beste bederatzi lagun itota agertu ziren Laredo Berrian, AEBekiko mugan.