Mundua -
Auzitegien osteko bizimodua
Baltasar Garzon, telebistako aurkezle ere
Epaile ohiak Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia elkarrizketatu du, herrialde horretako telebista-kate batean.
Erredakzioa
Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eta Amerikako Estatuen Erakundearen aholkulari, Julian Assangeren abokatu... eta, orain, telebistako aurkezle.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak debuta egin du gaur telebistako aurkezle gisa, Bogotako (Kolonbia) kate publikoan, Alvaro Uribe herrialde horretako presidente ohiari elkarrizketa eginda.
Hain zuzen ere, "Hablemos de paz y los derechos humanos" [Bakea eta giza eskubideak har ditzagun hizpide] Canal Capital telebista-kateko saioan izan da Garzon, Pedro Medellin kazetariarekin batera aurkezle lanak egiten.
Saioan, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek abiatutako bake-prozesua aztertu dute, eta Garzonek Uribe elkarrizketatu du. Bien artean tentsio handia izan da.
"Gaizkilea izango banintz bezala etorri zarete elkarrizketa egitera", leporatu dio Uribek Garzoni elkarrizketaren une batean, eta horrek zorrotz erantzun dio: "Zure adierazpenak oso irmoak dira, eta esaten duzuna egia dela dirudi. Zure tonuak ez du ezarriko egia den edo ez. Ez dizut ezer egotzi; galderak egin dizkizut".
Dena dela, hori ez da tirabira bakarra izan. Beste une batean, Kolonbiako presidente ohiak Augusto Pinochet eta Alberto Fujimori diktadore ohien antzera tratatzea egotzi dio Garzoni.
Elkarrizketan, Uribe Kolonbiako bake-prozesuaren aurka agertu da, baina ez "bakearen aurka" dagoelako, baizik eta negoziazioaren "baldintzekin" ados ez dagoelako, betiere horren hitzetan.