Mundua -
Jaiotza, frontean
Soldadu britainiar bat haur batez erditu da misio batean, Afganistanen
Britainia Handiko Defentsa Ministerioak ez ditu haurdun dauden emakumeak frontera bidaltzen, baina Armadak jakinarazi du ez zuela emakumearen haurdunaldiaren berri.
Erredakzioa
Britainia Handiko Armadako artilleria dibisioko emakume bat haur batez erditu da, Afganistan hegoaldeko base militar batean, Britainia Handiko Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez. Ministerioak ez ditu normalean haurdun dauden emakumeak frontera bidaltzen, baina kasu honetan Armadako kideek “ez zekiten emakumea haurdun zegoenik”.. Bertsio ofizialaren arabera, emakumeak ez zekien haurdun zegoela, eta erditu baino lehenago konturatu zen, sabeleko mina sentitzen hasi zenean.
Erditzea Afganistango Helmand probintziako Bastion kanpamentuan izan zen, eta, haurra espero baino bost aste lehenago jaio bazen ere, “ama eta haurra ongi daude”. Defentsa Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, emakumea haurdun zegoen, martxoan Afganistanera joan zenerako.
Datozen egunetan, Oxford hiriko John Radcliffe ospitaleko pediatra bat Afganistanera joango da, “amari eta haurrari beharrezkoa duten arreta eskaintzeko, eta itzulerako bidaian laguntzeko”.
Misioan jaiotzen den lehen haurraBBC telebista kateak jakinarazi duenez, frontean jaio den lehen haurra da. 2003az geroztik 200 militar inguru etxera itzuli dira haurdun zeudela baieztatu eta gero. Iaz, esate baterako, Afganistanen sei hilabete igaro eta gero, etxera itzuli eta bi astera erditu zen soldadu bat haur batez.