Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Amaitu dira Parisko Olinpiar Jokoak, Kataluniako Gobernu berria eta abordatzea Donostian
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Amaitu dira Parisko Olinpiar Jokoak: Parisek agur esan die bart Olinpiar Jokoei eta Los Angelesi eman dio lekukoa. 9.000 kirolarik eta 71.500 ikus-entzulek Saint Denis estadioa lepo betetzen zutela, amaitu dira Frantziako hiriburuan Olinpiar Jokoak, distira handiz. Hollywoodeko film baten antzera, kable batetik zintzilik agertu da Tom Cruise AEBko aktorea, bandera olinpikoa hartu du eta motorrean joan da.
- Kataluniako Gobernu berria: Katalunian, asteburuan Salvador Illa Generalitateko presidentea berriak kargua hartu ondoren, gaur Kataluniako Gobernu berriko 16 kontseilariak jabetuko dira karguaz. Ekitaldia 11:00etan hasiko da Generalitateko Jauregian. Orain arte baino bi kontseilari gehiago izango ditu gobernu berriak; tartean, CIUko bi kargudun ohi eta Esquerrako bi ordezkari.
- Abordatzea Aste Nagusian: Donostiako Aste Nagusiaren hirugarren eguneko ekitaldi nagusia piraten abordatzea izango da. 09:30ean hasiko da baltsen muntaketa, eta bazkari herrikoiaren ostean, 17:00etan, hartuko dute ehundaka piratek Kontxako hondartzarako bidea.