Mundua -

HAUTESKUNDE EZTABAIDA AEB-N

Donald Trump eta Kamala Harrisen arteko lehen aurrez aurrekoaren gakoak

AEBetako hauteskunde kanpainako debate bakarra izan daiteke gaur Donald Trump presidente ohia eta Kamala Harris egungo presidenteordea aurrez aurre jarriko dituen hitzordua.

Trump eta Harris.
Trump eta Harris.
Trump eta Harris, aurrez aurre lehenengoz

0:19

EIDER JAUREGI OIARTZABAL| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikusmin handia dago AEBetan zein nazioartean, azaroaren 5ean egingo diren hauteskunde presidentzialetako bi hautagaien arteko lehen aurrez aurrekoa ikusteko. Eztabaida astearte honetan egingo da, 21:00etan, Euskal Herrian irailaren 11ko 03:00ak direnean.

ABC katearen Filadelfiako estudioetan elkartuko dira Donald Trump eta Kamala Harris, hauteskunde kanpainan egingo den debate bakarra izan daitekenean. Gogoan izan behar da demokraten eta errepublikarren azken aurrez aurrekoak —ekainaren 27an izan zen, Trumpen eta Bidenen artean— Bidenen agurra behartu zuela eta espektatiba handiak daude oraingoaren inguruan.

Batzuk zein besteak urduri daude. Inkesten arabera, bi hautagaien arteko aldea oso txikia da, eta berebiziko garrantzia dauka oraindik ere botoa erabaki ez duten horiek erakartzeak.

Formatua

Eztabaidak 90 minutu iraungo du eta, tartean, bi eten izango dira, publizitatea sartzeko.

Moderatzaileak ABC News kateko David Muir eta Linsey Davis izango dira eta publikorik gabe egingo da eztabaida, ez da ikuslerik egongo platoan.

Hasteko eta behin, hautagaiek ez dute irekiera hitzaldirik egingo. Moderatzaileek bakarrik egin ahal izango dituzte galderak eta horiei erantzungo diete Trumpek eta Harrisek. Mikrofonoak itzalita egongo dira beste hautagaiaren esku-hartzeetan, elkarri eten ez diezaioten.

Hautagaiek bi minutu izango dituzte erantzuteko, hautagai demokratatik hasita. Besteak esandako zerbait ezeztatzeko edo argibideren bat emateko minutu bat ere izango dute baina elkarri galderarik egiteko aukerarik gabe. Azken interbentzioa, agurrekoa, Trumpek hasiko du.

Ezin izango dute elementurik ezta atrezzorik erabili. Trump eta Harris zutik egongo dira, atril baten aurrean, eta boligrafo bat, ohar-bloka edo koaderno bat eta ur botila bat eduki ahal izango dute, besterik ez.

Lehen aurrez aurrekoa

Hedabideetan zeresana eman duten adierazpen polemikoak egin dituzte batak bestearen aurka. Trumpek Kamala beltza izatea zalantzan jarri zuen, adibidez, "maltzurra eta tuntuna" deitu zion eta beste hainbat gutxiespen ere egin dizkio. Harrisek, berriz, behin baino gehiagotan esan du  Trump "kriminala" dela, baita "arriskutsua" ere, "zentzu guztietan".

Zalantzarik ez dago elkarren kontra gogor egingo dutela asteartean, euren arteko lehen aurrez aurrekoan, baina zalantzagarriagoa da AEBetako ikusleen aurrean horrelakoak esatera ausartuko ote diren.

Trumpek abantaila du, telebistan hamaika aldiz aritua baita. Egungo AEBetako presidenteordeak, ordea, oso interbentzio gutxi egin ditu: 2020an, Mike Pence Trumpen presidenteorde izandakoarekin eztabaida izan zuen telebistan eta, berriki, lehen elkarrizketa egin diote CNN katean. Horiek bere agerraldi nagusiak.

Gai polemikoenak: gerrak, immigrazioa eta abortua

Israel Gazan egiten ari den erasoaldia, Ukrainako gerra eta AEBen funtsak, immigrazioa, Mexikoko harresia eta abortatzeko eskubidea izango dira, ziur aski, bi hautagaien hitzaldien ardatzetako batzuk.

Trumpek esana du Bidenekin "gerrak itzuli" direla, eta Kamalak gogorarazi izan du Trumpek hala agindu bazuen ere, Mexikok ez duela bere gain hartu bi herrialdeen arteko harresiaren ordaina.

Gainera, Trump presidente ohia maiatzeko epaiketan errudun jo ostean, Harrisek behin baino gehiagotan esan izan du "Trump bezalako kriminal asko jazarri" dituela, fiskala izan zela gogoraraziz.

Abortoaren gaian ere kontrako ikuspegiak dituzte: Trump harro agertu zen, bere garaian, abortuaren babes federala baliogabetu zuen prozesuan izan zuen paperaz. Aitzitik, Harrisek abortatzeko eskubidea defendatzen du . 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Kamala Harris