Mundua -

Ekialde Hurbila

Milaka pertsona batu dira mundu guztian zehar Palestinaren alde egin diren manifestazioetara

Oro har, modu baketsuan egin dira martxak. Hiriburu batzuetan polizia-dispositibo zabala egon da, eta hainbat hiritan manifestazioak debekatu dituzte, "ospakizun adierazpenak" saihesteko asmoz.

Palestinaren alde Santiagon gaur egindako manifestazio jendetsua. Argazkia: EFE
Palestinaren alde Santiagon gaur egindako manifestazio jendetsua. Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsuak izan dira mundu osoan Palestinaren alde

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira kalera gaur, larunbata, mundu osoan zehar, Palestinari elkartasuna adierazteko antolatutako martxetan. Gazan eta Zisjordanian bonbardaketak eteteko eta Israelgo Gobernua palestinarren aurka egiten ari den kanpaina amaitzeko eskatu dute.

Dagoeneko 41.000 pertsona baino gehiago hil dira Israelek Gazan egindako inbasio militarraren ondorioz.

Paris, Berlin, Londres, Atenas eta Santiago izan dira manifestazio jendetsuok hartu dituzten hiriretako batzuk. Besteak beste, "genozidioa ez dugu babesten" eta "sionismoa arrazakeria da" entzun da, oihuka, horietan.

Oro har, martxak modu baketsuan egin dira. Hiriburu batzuetan polizia-dispositibo zabala egon da, eta hainbat hiritan manifestazioak debekatu dituzte Hamasek "Israelen egindako sarraskia ospatzeko adierazpenak" saihesteko.

Erroman, kasu, Poliziak manifestazioak egitea debekatu du, "segurtasun publikoko arrazoiak" argudiatuta. Hala ere, 7.000 pertsona inguru joan dira Italiako hiriburuko Ostiense plazan egin den kontzentraziora. Bertan, istiluen aurkako polizia-talde zabal bat egon da, kontzentratuak hirian zehar ibil ez zitezen.

Gutxienez 24 polizia eta 3 manifestari zauritu dira Italiako hiriburuan, eta 5 pertsona atxilotu dituzte.

Berlinen ere, oso presente egon da polizia-operatiboa. Alemaniako hiriburuan antolatu den martxaren leloa hau izan da: "Urtebeteko genozidioa eta mundua begira. Poliziaren indarkeriaren aurka".

Madrilen, 20.000 pertsona inguru bildu dira palestinarren alde, antolatzaileen arabera. "Palestinako genozidioaren urteurrena eta 76 urteko kolonizazio israeldarra" lelopean egin dute manifestazioa.

Santiagon, 500.000 pertsonak egin dute bat Gabriela Mistral Kultur Etxetik abiatu den martxarekin, eta hainbat leloren artean hauxe entzun da: "Israel hiltzailea, yankiak babesleak".

Londresen, ehunka pertsona atera dira kalera, Palestinako banderak hartuta, hiriaren erdialdean egin den manifestazioan parte hartzera. Libanon su-etena eskatzeko kartel ugari ikusi dira. 

Ehunka pertsona batu dira Londresen palestinaren aldeko manifestaziora.

Hegoafrikako hainbat hiritan ere bat egin dute Palestinaren aldeko martxekin, Lurmutur Hirian eta Johannesburgen esaterako. Johannesburgen, 2.000 pertsonak protesta egin dute Estatu Batuen enbaxadaren aurrean, Palestinaren eta Libanoren askatasunaren alde eta gerraren kontra.

Zeelanda Berrian, Palestinarekiko Elkartasun Sareak dozenaka ekitaldi antolatu ditu iganderako; Pukeahu monumentuaren eta Wellingtongo Odlins plazaren arteko martxa tartean.

Australian ere, Palestinaren aldeko ekitaldiak izango dira igandean eta astelehenean, nahiz eta Gobernuak ekintzak geldiarazteko ahaleginak egin. Igandean, Sydneyn, martxa bat egingo dute, eta astelehenean, bijilia bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Palestina