Mundua -
Manifestazio jendetsua
80.000 lagun inguru doitasun neurrien aurka manifestatu dira Parisen
Frantziako muturreko ezkerrak deituta, milaka lagun kalera atera dira Europako egonkortasun itunaren aurka protesta egiteko. François Hollande boterera iritsi zenetik deitutako lehen manifestazioa da.
Erredakzioa
80.000 lagun inguru kalera atera dira gaur Parisen (Frantzia) doitasun neurrien eta egonkortasunerako itun europarraren aurka. François Hollande boterera iritsi zenetik deitutako lehen manifestazioa da.
Frantziako muturreko ezkerrak antolatutako deialdia izan da. Manifestazioan parte hartu dutenek norabide politikoa aldatzeko eskatu dute. Azken 30 urteetako murrizketarik handienak dituen aurrekontua aurkeztu zuen duela hiru egun Gobernu sozialistak.
Gainera, hemendik bi egunetara Europako egonkortasunerako ituna Parlamentuan eztabaidatzen hasiko dira. Europako Estatuetako kontu publikoetan murrizketa berriak ezarri nahi ditu itun honek.
Deialdia alderdi politiko batek egin duenez, Poliziak ez du parte-hartzaileen kopuruaren gaineko daturik eman.
Ezkerreko Fronteak eta Frantziako Alderdi Komunistak antolatu dute manifestazioa. Jean-Luc Melenchon Alderdi Komunistaren idazkari nagusiak azaldu duenez, "ez gaude Gobernuaren aurka, baina aurreko Gobernuak ez zituen herritarrak entzuten, eta orain bestelako erantzunaren zain gaude. Botere publikoek ez bagaituzte kontuan hartzen, demokrazia uste baino gaixoagoa dagoela esan dezakegu".
Halaber, "Europako egonkortasunerako ituna berretsi egiten badute, manifestazio eta mobilizazio berriak" izango direla iragarri du Melenchonek.
Ituna berretsi behar dute
Gobernu sozialistak ez du bermatuta ituna berresteko indar nahikoa, Parlamentuan gehiengo absolutua badu ere 30 bat diputatuk honen aurkako botoa emango dutela ohartarazi baitute. Europako itunaren aurkarien indarrak neurtzeko termometroa izan da gaurko manifestazioa, eta, antolatzaileen aburuz, deialdia "oso arrakastatsua" izan da.