Mundua -
Venezuela
Chavezek eta Caprilesek amaiera eman diote hauteskunde kanpainari
Venezuelarrek igandean hautatuko dute hurrengo sei urteetarako presidentea. Chavez da faborito, baina oposizioa ez da inoiz han gertu izan.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak eta Henrique Capriles oposizioaren hautagaiak amaiera eman diote bart igandeko hauteskundeetako kanpainiari, bi ekitaldi jendetsutan.
Agintariak Caracasen eskaini du kanpaina amaitzeko ekitaldi nagusia, euri zaparraden artean.
Chavezek aitortu egin du, "zalantza barik", "akatsak" egin dituela, baina inoiz kale egin dien galdetu die herritarrei: "Kale egin al dizuet burgesen alde egiteko? Inperialismoaren aurrean makurtu al naiz?", galdetu die, hain zuzen ere.
"Gora Venezuela askea, gora urriaren 7a", oihukatu du.
Capriles Cojedes, Apure eta Lara estatuetan izan da kanpainaren azken egunean, eta, Barquisimeto hirian, "aurrera egiteko" deia egin du.
Horren esanetan, Chavezi "agortu" egin zaio energia. "14 urteren ostean [Chavezek agintean daraman urte kopurua], zergatik nahi dituzue beste sei? 14 urte nahikoak dira, 20, aldiz, gehiegi", nabarmendu du.