Mundua -
Espazio-programa
Errusiak Ilargira bueltatu nahi du 2015. urterako
Ekimen horiekin, Errusiak bere espazio-programaren irudia garbitu nahi du, 2011. urtetik hona hainbat arazo izan ostean
Erredakzioa
2015. urterako Ilargira bueltatzea du helburu Errusiak, eta horretarako ilargira jaisteko modulu bat sortu nahi du, Victor Jartov Lavochkin Partzuergo aeroespazialeko zuzendari orokorraren arabera. “Beste leku batzuetan lurreratu ahal garela erakutsi nahi diogu gure buruari”, azaldu du.
Ilargian izotz laginak hartu eta Lurrera eramateaz arduratuko den beste espazio-ontzi bat eraiki nahi dutela gaineratu du aditu errusiarrak. Horrez gain, Ilargiaren lurrazala aztertuko duen ibilgailu bat eraikitzeko asmoa erakutsi du.
Hainbat akats
Ekimen horiekin, Errusiak bere espazio-programaren irudia garbitu nahi du, 2011. urtetik hona hainbat arazo eduki baititu. Akats horien artean, Fobos-Grunt estazio automatikoaren galera nabarmendu daiteke, propultsatzaileetan arazoak izan eta gero bi hilabetez orbitan geratu ostean. Azkenean Ozeano Barera jausi zen.